14 Jun, 2021

suspertu_arantzazu
Ekainaren 1etik aurrera ireki ditu berriro ateak Arantzazuko aterpetxeak (Oñati). ATERI, Suspertu gizarteratze-enpresaren instalazio eta ostatu turistikoen sarea kudeatzen du aterpea. Aterpetxea Arantzazu Gaur Fundazioarena da eta Gipuzkoako Parketxeen Sarea fundazioari utzi zion hark kudea dezan. Kokatuta dagoen eraikina Arantzazuko Frantziskotarren Komunitatearena da eta 2017an berritu egin zuten Arantzazu Gaur fundazioak hala bultzatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Mondragon Korporazioak, Kutxa Fundazioak, Oñatiko Udalak eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintziak osatzen duten aipatutako fundazioa.
Proiektu honek, ATERI sareko guztiek bezala, enplegu inklusiboa sortzea du helburu, enplegagarritasun-zailtasunak dituzten pertsonei laguntzea lan-merkatu normalizaturako bidean.

Euskadiren bihotzean dago, Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik ordubetera, eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren erdi-erdian. Natura, historia, kultura, artea eta espiritualtasuna elkartzen diren gune magikoa da.

Honako hauek izango dira Arantzazuko aterpetxearen bezero nagusiak:

  • Hezkuntza-programak garatu nahi dituzten eta egonaldia ere eskaini nahi duten ikastetxeak.
  • Erromesak (taldeka zein banaka).
  • Natura maite duten familiak.
  • Parkean zehar ibilbidea egin nahi duten mendiko taldeak.
  • Ingurune lasai eta naturalean jarduerak egin ahal izateko tokia behar duten elkarte eta erakundeak.

 

Aterpetxeak 6 logela eta 56 tokiko guztizko edukiera ditu (orain erdira gutxitu behar izan da Covid-19ra egokitzeko protokoloa dela eta), eta hainbat zerbitzu eskaintzen du: wifia, aisialdirako gunea, behar bezala ekipatutako sukaldea eta pixkanaka egokitzen joango diren beste batzuk.

Proiektu berri hau Ede Fundazioaren eta bere enplegu inklusiboaren arloaren estrategiaren barruan kokatzen da, hau da, Gipuzkoan bertan haztea, lehendik daudenei proiektu eta espazio berriak gehituz.

ARANTZAZUKO ATERPETXEAREN WEBGUNEA: