19 Feb, 2019

Elgoibarko Gizarteratzearen aldeko Mahaiarentzako eskaini dugun laguntza teknikoaren jatorria udalerriko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eginiko eskaera baten dago. Laguntza eskatu ziguten ikuspegi batetik baino gehiagotatik gizarte- bazterketaren eta gizarteratzearen inguruan esku hartzen duten tokiko zenbait eragile elkarlanean aritzeko espazio edo lanerako organo bat abian jartzeko eta haren funtzionamendurako.

Mahaia eratu aurretik, laneko lehen fasean, ekimenean parte hartzea nahi genuen edo parte hartzeko interesa izan zezaketen herriko eragileekin harremanetan jarri ginen eta ekimena aurkeztu eta parte hartzera animatu genituen.

Lan hari esker, Mahai zabal eta askotarikoa sortu zen, kide hauez osatua: administrazio publikoak, hirugarren sektore sozialeko erakundeak –batzuk zerbitzuak ematen dituztenak–, gizarte-mugimenduak eta hezkuntza arloko eragileak.

Hona hemen, Mahaia osatzen duten erakunde guztiak biltzen dituen zerrenda: Elgoibarko Udala (Gizarte Ongizate Saila eta Enplegu eta Berdintasuna Saila), Elgoibarko Lanbideren bulegoa, Zabaltzen-Sartu elkartea, Elgoibarko Caritas, Elgoibarko Gurutze Gorria, Nagusilan, Debabarrenako Stop Kaleratzeak, Prekarietatearen Aurkako Taldea, Kalamua Guraso Elkartea, Elgoibar Ikastolako Guraso Kontseilua eta Arreiturri institutuko guraso-elkartea.

Lehen bileretan, partaideek elkar ezagutu eta besteen lana ere hobeto ezagutu ahal izan zuten, eta egituraren izaera eta funtzionatzeko modua zein izango ziren ere adostu zuten.

Lan haren emaitza gisa, Mahaia definituta gelditu zen: Elgoibarren gizarteratzearen inguruan lan egiten duten eragile sozialek biltzeko, hausnartzeko, eztabaidatzeko eta elkarrekin lan egiteko espazioa izango zen. Ekimen honetan parte hartzearen garrantzi estrategikoa ezarri eta zehaztu zuten erakundearen izaera informazioa edo kontsultak eskaintzeaz haragokoa izango zela; hau da, kideen artean lana elkarrekin garatzea izango zela asmoa. Hala, erabaki zuten  funtzionamenduaren oinarrietako bat Mahaiak pragmatismoa lehenestea izango zela, egindako lanak, beti, isla praktiko bat izan dezan.

Hartarako, lehen urterako helburuak ezarri ziren: Elgoibarko gizarteratzearen eta gizarte-bazterketaren inguruko diagnostiko partekatua egitea denen parte hartzearekin eta, ondoren, diagnostikoan oinarrituta, lanerako plan bat zehaztea, hori ere elkarrekin.

Funtzionamenduari dagokionez, bilera presentzialak egin ditugu hilero, bileren arteko aldian barneko lana egin dugu (irakurketa, dokumentazio-bilaketa, egiaztatze-lanak eta eginiko proposamenentzako ekarpenak, etab.), wiki bat jarri dugu abian sortutako dokumentazio guztia gordetzeko (txostenak, aurkezpenak, aktak…) eta lanerako tresna bat izateko, eta etengabeko komunikazioa izan dugu posta elektronikoaren bidez.

Mahaia abian izan den aldian, barneko prestakuntzarako saioak ere garatu ditugu –tartean herritarrei irekitakoak ere bai– zenbait gairen inguruan (Gizarte Zerbitzuen Euskal Legea, immigrazioa, pobreziaren feminizazioa…). Partaideek edo haien dinamizatzaileek proposatutakoak izan dira saio horiek, lan egin ahala identifikatutako interesetan edo beharretan oinarrituta.

Mahaiaren mugarrietako batzuk hauek izan dira: Mahaiaren aurkezpen publikoa, Mahaiko kideek eginiko Elgoibarko gizarte-bazterkeriari eta gizarteratzeari buruzko diagnostikoa aurkeztea, herritarrentzako zenbait hitzaldiren antolaketa eta Sentsibilizaziorako jardunaldiak Elgoibarren Elkar(-)bizi! izenburupean.

Pixkanaka autonomia eskuratzeko asmoz sortu zen Mahaia 2013ko amaieran eta 2016ko amaieran amaitu zen EDE Fundazioak egitura horri eskainitako laguntza. Hala, fase berri bati ekin zioten eta Mahaiko kideek hartu zituzten idazkaritza teknikoaren eta dinamizazioaren ardura.