24 Mar, 2020

Diagnostikoa eta hobetzeko proposamena

Gipuzkoako Emakumeen Etxeek indarkeriaren biktima diren emakumeen atzematean, prebentzioan eta kanalizazioan egiten duten ekarpena bistaratu eta balioetsi nahi du lan honek.

Emakumeen  Etxeak, mugimendu feministaren eta emakumeen elkarteen eskaera historikoak hala eskatuta, kontzientzia eta praktika feminista bultzatzeko eremuak dira. Gainera, emakumeak sarean topatzeko eta sortzeko gunea ere bada.

Zeregin garrantzitsua dute indarkeria matxistaren prebentzioan (emakumeen ahalduntzea, indarkeriarik gabeko harreman-markoak sortzea, indarkeria matxista salatzea eta abar). Gainera, gaiari buruzko informazioa eskaintzen dute, indarkeria-kasuak antzeman eta bideratzen dituzte edo indarkeria-prozesuan dauden edo egon diren emakumeei arreta eskaintzen diete.

Beste udal-baliabideekin alderatuta, balio bereizlea dute; izan ere, indarkeria jasan duten emakumeei denboran iraunkorra den laguntza-sarea eskaintzen diete, “instituzionalizatu gabeko” eremua ordezkatzen dute, beste baliabide batzuk iristen ez diren emakumeengana iristen dira eta ikuspegi feministatik lan egiten dute egiten duten jarduera guztiaren testuinguruan.

Udal-baliabide horiek berdintasun arloan eta indarkeria matxistaren erantzunean izan dezaketen eragina oso handia da eta indarkeria jasaten duten emakumeekin esku hartzen duten gainerako tokiko eragileekin elkarlan egokia egiten saiatu behar da.

Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko enkargu batekin bat egiten du; hain zuzen ere, Gipuzkoan emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko I. Foru Planean “emakumeen kontrako indarkeria matxistarekin lotuta prebentziorako eta sentsibilizaziorako gizarte-eragile garrantzitsuekin elkarrizketarako bideak zabaltzeko eta sendotzeko” beharra zehazten da. Enkargu hori onartuta, baliabide horiek gertuagotik ezagutzeaz gain, Emakumeen Etxeak sustatzen ere lagundu da, indarkeria matxistaren arloan tokiko erreferenteak baitira.