29 Jun, 2019

ede_

Proiektua EDE Fundazioaren Programen Zerbitzuaren eta Bilboko Udalaren Gazteria Sailaren arteko elkarlanari esker sortu zen Bilbo hirian Europako gazteen boluntariotza bultzatzeko beharren azterketa eta diagnostikoa egiteko asmoz.

Honako hauek dira txostenaren eta hari lotutako prozesuaren helburuak:

A) Europako gazteen boluntariotzaren inguruko errealitatearen diagnostikoa egitea toki, lurralde eta Europa mailan (hasierako egoera, datuak eta potentziala),
B) esparru horretan lan egiten duten eragileekin gogoetarako eta koordinaziorako prozesua finkatzea,
C) etorkizunean Bilbo Hirian Boluntariotza Sustatzeko Plana prestatzeko lagungarriak izan daitezkeen prozesu eta ekintzak zehaztea.

Hala, prozesua abiapuntu edo oinarria litzateke gerora Bilbo Hirian Gazteen Boluntariotza Sustatzeko Plan Integrala prestatzeko. Horren bidez, hiria boluntariotzaren Europako mapan kokatu nahi da, lurralde mailan esparru horretan lan egiten duten eragile guztiekin aldez aurretik diagnostikoa eta gogoeta eginda.

Horretarako, beharrezkoa da toki mailako Europako boluntariotzaren inguruko datuak ezagutzen hastea eta, ahal den neurrian, beste hiri batzuetako eta Europa mailako datuekin alderaketa egitea. Horren bidez Europako boluntariotzak eta mugikortasunak Bilboko gazteen artean izan dezaketen ahalmena neurtu ahal izango genuke.

Bigarren fasean, koordinazioko eragileekin batera (Bolunta, Europako boluntariotza bidaltzeko/jasotzeko akreditatutako erakundeak, gaiarekiko interesa duten taldeak eta, egokitzat joz gero, adituak) lan egin dugu etorkizunean Boluntariotza Plana elkarlanean diseinatu ahal izateko eskariak, beharrak eta ideiak zehazteko. Hori guztia Elkartasuneko Europako Taldearen baitan egingo da 18 eta 30 urte arteko Europako gazteentzako boluntariotzarekin (banakakoa eta taldekoa), enpleguarekin eta praktikekin ekimenak biltzen dituen programaren barruan.

Prozesu horren bi faseen amaierako helburua da oinarriak finkatzea eta testuingurua zehaztuta uztea gerora Europako Gazteen Boluntariotza Sustatzeko Plana eta Elkartasuneko Europako Taldea prestatzeko. Horrekin guztiarekin lotutako azken xedea da Bilbo Hiria Gazteen Boluntariotzako Hiri bihurtzea, boluntariotzaren mapan kokatuta eta beste ekimen batzuekin lotuta: Bilbo, balioen hiriarekin, esate baterako.

Gaia dimentsionatzea eta diagnostikoa egitea:

Abiapuntuko egoera zehazteko datuak ezagutzea: Elkartasuneko Europako Taldearen baitan akreditatutako erakundeak, erregistratutako gazte kopurua eta haien profila… Gainera, informazioa jaso nahi dugu beste hiri batzuekiko alderaketa Estatu eta Europa mailan zein, oro har, Europa mailan egiteko. Horri esker, gai horren inguruan Bilbok izan dezakeen ahalmena eta Europa mailan beste herrialde batzuekin alderatuta izan dezakeena neur ditzakegu.

Oraingo erantzuna ebaluatzea:

Modu kolektiboan eta koordinatuta hausnartzea gaur egungo egoeraren (gai horretan esku hartzen duten eragile ugariak barneratuta) eta erakundeek eta udalak gazteei ematen dieten erantzunaren inguruan. Gainera, lehentasunezkoak diren beharrak, hobekuntza esparruak edo gakoak identifikatzea eta adostea. Etorkizunean Europako Gazteen Boluntariotza Sustatzeko eta Bultzatzeko Plana diseinatzeko eta garatzeko eta, azken finean, Bilbo Europako Gazteen Boluntariotzako Hiri bihurtzeko egokia litzatekeen testuingurua sortzeko lagungarriak liratekeen aldaketak dira lehentasuna duten gai horiek.

Hobetzeko gomendioak finkatzea:

Europako gazteen boluntariotza garatzeko eta sustatzeko garaian egon daitezkeen gabeziak konpontzea eta eragileen arteko sareko lana eta koordinazioa areagotzea ahalbidetuko luketen hobekuntzako estrategia posibleak (gako nagusiekin lotuta) identifikatzea. Horren guztiaren helburua litzateke eragile horien rolak zehaztea, ikusgai jartzea eta osatzea eta, bereziki, Boluntarekin lotuta (Bizkaiko Boluntariotzaren eta Partaidetza Sozialaren Agentzia gisa).

Horretarako, toki mailan eta Europarekin alderatuta egoeraren azterketa egiteko datuak bildu ditugu.

  • Egindako datuen bilketari esker, hasierako egoeraren mapa zehaztu ahal izan dugu eta, horren arabera, ekintza posibleen ahalmena eta dimentsioa finkatu. Hala, azterketa finkatzeko erabilgarria den oraingo egoeraren inguruko ikuspegi orokorra lortu dugu eta gerora sakondu ahal izateko baliagarriak izango diren tailer presentzialen diseinua orientatu du horrek.
  • Egindako lan kolektiboko hiru tailerrek (fase bakoitzean bana) funtsezko eragileen eta, beharrezkoa denean, gogoetak partekatzeko adituak direnen arteko topaketarako aukera eskaintzen dute. Helburua da esparru horren inguruan funtsezkoak diren pertsonen eta erakundeen kopuru esanguratsu edo mugatu bat prozesuan pixkanaka hasieratik bukaerara barneratzea eta saio guztietan parte hartzea. Saio horien ildo nagusiari eta metodologiei esker, haien ekarpenek testuinguru sendoa eta xehetasunen maila egokia izango lituzkete.