25 Mar, 2020

Haritu
“Egiten dugunaren barnean gaude eta egiten duguna gure barnean dago. Horregatik da garrantzitsua pentsamenduak pentsatzen dituena, horregatik da garrantzitsua egin eta desegiten duena.” Horrela azaltzen du Donna Haraway-k teknologia zergatik ez den neutroa. Ezinezkoa da neutroa izatea guztia konektatuta dagoelako eta teknologiak ereduak, norabideak eta diskriminazioak sortzen jarraitzen duelako, oraindik aniztasun gutxi dagoelako kontzeptualizazioan eta garapenean, ahots gutxi dago teknologian.

Hori dela eta, Suspergintza- EDE Fundaziotik teknologiaren zentzuak eta mendekotasun- eta zapalkuntza-prozesuak ari gara ulertu nahian digitalizazioaren aro honetan.

Ez diogu ondo dabilenaren distirari soilik begiratu nahi, gure burua kokatu ahal izateko nola funtzionatzen duen ulertu behar dugu.

Guztia bizkor doa eta ez gara munduko teknologiaren elitea, digitalizazio-prozesuetako torkizunarekin urduriak diren pertsona batzuk soilik, nola ari diren sartzen testuinguru eta komunitate desberdinetan: hezkuntza-eremuak, gazteria, osasuna, zahartzea. Suspergintza – EDE Fundaziotik denbora luzez lanean ari garen komunitateak.

Urduritasun horretatik, lan-ildo bat prestatu dugu, Haritu, eta horrekin, teknologiaren zentzuak arakatu eta ehundu nahi ditugu gizarte garaikide honetan. Bien bitartean, ikasten eta ulertzen lagunduko diguten proiektuak egingo ditugu, eta agian, denborarekin, alternatibak proposatuko ditugu.

Haritu Azkuna Zentroak 2019an garatu zuen eremu gisa hasi zen. Egun, teknologiaren, kulturaren, gizartearen eta hezkuntzaren arteko harremanari lotutako proiektuak lantzen dituen lan-ildo gisa jarraitzen du.

Eginez arakatzen eta ikasten dugu. Beste pertsonekin ikasten, partekatzen, kontrastatzen, galdetzen eta sortzen gozatzeko ikaskuntza askeko eremuak eginez, beldurrik, etiketarik gabe, komunitaterako, talderako edo pertsonentzako garrantzitsua den horretatik abiatuta. Hariturekin eremuak zabaldu nahi ditugu teknologia hartuta xehatzeko eta ulertzeko gai gisa, betiere, pentsatzeko eta sortzeko beste modu batzuetara gerturatzeko. Ez dugu ahaztu behar bizitza, gizatiarra izan edo ez, jarri behar dugula erdigunean.