24 Feb, 2020

Conocimiento Violencia Infantil
Zertarako honelako ikerketa bat? 2019an zehar Haurren eta Nerabeen Behatokiak -Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita- bultzatutako ikerketan aritu ginen lanean, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoan haurren eta nerabeen kontrako indarkeriaren intzidentzia eta nagusitasuna ezagutzeko helburuarekin. Sistemak arazo horri eman dion erantzuna aztertzea da helburua, baita haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoeren prebentziorako, arreta goiztiarrerako, arretarako, babesteko eta erreparaziorako politiken gaineko gomendioak ezartzea ere, arazora hobeto egokitutako eta koordinatuagoa den erantzuna eta jarduera eskaintze aldera.
Nola garatu dugu lana?

Azterlan honetan hartu den ikuspegiaren bidez, analisiaren helburu den gaira hurbildu ahal izan da, dimentsio anitzeko ikuspegitik (horrela, analisia ez da indarkeria-modu agerikoenetako batzuetara bakarrik mugatzen; guztiak erakutsi nahi dira) eta parte hartzeko ikuspegitik; hala, tartean diren gizarte-eragileak hausnarketaren parte-hartzailetzat jo dira. Helburu horiek inplizitu dituzten galderei erantzuteko, zenbait teknika metodologiko konbinatu dira eta, haien bidez, lehen mailako eta bigarren mailako iturrien informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa ezagutu da.

Haur eta nerabeei arreta eta babesa emateko gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten administrazio eta erakunde publikoek hausnarketan parte har dezaten lortu dugu, baina baita beste sistema batzuek ere, besteak beste, judizialak, polizialak, osasun-arlokoak eta hezkuntza-arlokoak, hirugarren sektoreko erakunde pribatuak eta arlo honetan lan egiten duten adituak.

Zer jakitea lortu dugu?

Umeen Eskubideen Batzordearen 13. Ohar Orokorrak honako hau ulertzen du indarkeriatzat: “edozein modutako kalte edo gehiegikeria fisiko nahiz mentalak, arduragabekeria edo tratu zabarra; indarkeria mentala; indarkeria fisikoa; gorputz-zigorrak; sexu-abusua eta -esplotazioa; tortura eta tratu edo zigor gizagabe edo iraingarriak; haurren arteko indarkeria; autolesioak; kultura-jardunbide kaltegarriak; komunikabideen indarkeriaren mende jartzea; indarkeria informazio eta komunikazioaren teknologien bidez, eta umeen eskubideak urratzea erakundeetan eta sisteman”.

Gaiaren inguruko erreferentzia nagusiak bat datoz adingabeenganako indarkeriaren definizio honetan: desberdintasunean oinarritutako harremanen inguruko botere-abusua. Eta, batetik, kalte fisikoaren eta kalte egiteko asmodunak diren modu esplizituenak jaso ditu eta, bestetik, modu ez-fisikoak (tratu txar psikologikoa…) eta/edo kalte egiteko asmodunak ez direnak (deskuidua…).

Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriak hainbat modu izan ditzake, indarkeriaren izaeraren arabera (fisikoa, emozionala, sexuala…); indarkeriaren testuinguruan edo ingurunean (etxea eta familia, eskola, aisia eta astialdia, lantokiak, Internet eta komunikazioaren teknologiak…); pertsonaren edo agente eragilearen arabera (familiartekoa, berdina, erakundea, autoezarria, heldu ezezagunak, taldeak…); babesgabetasunari dagokionez izandako zorroztasun mailaren arabera (arrisku arina, moderatua edo larria, edo babesgabetasuna), etab.

Arazoa dimentsionatzeko garaian, garrantzitsua da gogoan izatea arraila handia dagoela dauden kasuen (prebalentzia) eta erakunde ofizialek erregistratutakoen (intzidentzia) artean.

Bestalde, badakigu indarkeriak ez diela denei berdin eragiten. Eredu ekologikoak aitortzen du alderdi indibidualen, erlazionalen, komunitarioen eta egiturazkoen aukera zabala eta konplexua dagoela eta, baldintzatzen ez duten arren, areagotu egiten dutela indarkeria-arriskua eta iraunarazten laguntzen dutela edo, aldizka, haren aurka babes dezaketela: desgaitasuna, gutxiengo etnikoetakoak izatea, autoestimu baxua, laguntza-sarerik eza, pobrezia-maila altuak, aniztasuna ez errespetatzeko balioak, ondorioen erlatibizazioa etab.

Bestalde, kontuan hartu behar da, halaber, neskak eta mutilak indarkeria-moten inguruan arrisku-maila desberdinetan daudela (alegia, generoak eginkizun esanguratsua duela eragile gisa), eta, gainera, neskek indarkeria-mota batzuk jasateko arrisku-maila handiagoa dutela. Emakumearen aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordearen 19. zenbakiko Gomendio Orokorrak (CEDAW) ohartarazten du neskatoek neurriz kanpo jasaten dituztela indarkeria eta abusuak gizonen aldetik, eta nabarmendu egiten du emakume eta gizonen arteko botere-harreman asimetrikoek eta ez berdinzaleek, generoan oinarritzen direnek eta gizartean errotuta daudenek (egitura patriarkala) jartzen dituztela neskatoak indarkeria-modu batzuk jasateko arriskupean, zehazki sexu-indarkeriaren arriskupean pubertarotik aurrera.

Oro har, indarkeria-mota baten edo bestearen eraginpean dauden adingabeak identifikatu diren kasuen bolumenean goranzko joera dagoela ikusi da, bai eta kasu horien gero eta konplikazio handiagoa ere.

Zein izango dira hurrengo pausoak?

Euskal erakundeek arazoari emango dioten erantzunak Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioarekin (Espainiak 1990ean berretsi zuen) bat etorri beharko du. Horrek ezartzen du haurrak eta nerabeak babestu beharrekoak izateaz gainera, eskubideen titularren subjektu ere badirela. Era berean, inplikatutako eragileek haurren interes gorena, arau ugariek ezarria, onartu beharko dute. Hori izango da bere jardueren printzipio gidaria, eta adingabekoaren interes gorena nagusituko da beste eskubide eta interes kolektiboen aurrean.

Indarkeria mota horren kontra borroka egiteko lehenetsitako erronken artean, hauek nabarmendu behar dira:

  1. EAEn prebentzio-estrategia integral bat garatzea.
  2. Esku-hartze komunitarioa sustatzea eta sendotzea, prebentzioari dagokionez duen eragina kontuan hartuta.
  3. Kasuen detekzio goiztiarra sendotzea, esku-hartzeen arrakasta handitzeko.
  4. Hezkuntza emozionalak eta hezkuntza afektibo-sexualak betetzen duten gizarte- eta hezkuntza-zereginari behar duen balioa ematea.
  5. Prozedurak arintzea eta bizkorrago erantzutea.
  6. Esku-hartze guztietan ibilbideen pertsonalizazio-maila egokia eta, baliabide batzuen kasuan, premia espezifikoetarako egokitzapen handiagoa bermatzea.
  7. Erantzunkidetasunean oinarrituta egongo diren eta esparrurik kezkagarrienak bereziki kontuan hartuko dituzten erakunde-apustuak egitea.
  8. Eskuragarri dauden giza baliabideak gehitzea eta hazten ari den eta gero eta konplexuagoa den arazo horri erantzuteko gaikuntza areagotzea.
  9. Esku-hartzeetan, protokoloetan eta abar hobekuntzak inplementatzea ahalbidetuko duen ezagutza lortzeko ebaluazio-mekanismoak zabaltzea.
  10. Indarkeria instituzionala zaintzeko eta geldiarazteko tresnak garatzea.

INFORME OSOA

PDF-a JEITSI
IREKIA
Prentsa Oharra eta Bideoa