18 Mar, 2020

Otsailaren 19an, EUROBASQUE Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluarekin eta EHUrekin lankidetzan, Europar Batasunaren kohesio-politikari buruzko jardunaldia antolatu genuen Europe Direct gure bulegotik.

Ekonomia eta Enpresa Fakultatean izandako jardunaldian, kohesio-politikak 30 urte horietan izan duen esanahiaren inguruan hitz egin eta eztabaidatu genuen herritarrekin. Bestalde, 2021-2027 aldi berrirako aurkezten diren erronkak ere izan genituen hizpide.

Europako gaietan eta herritartasunean oro har adituak diren pertsonen artean elkarrizketa-formatua planteatu zen, talde desberdinak ordezkatuz; betiere, gai horiei buruzko eztabaida aberatsa eta irekia egiteko helburuarekin.

Hizlarien artean, hauek aipatu behar ditugu: Jon Barrutia EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa, Mikel Antón Eusko Jaurlaritzaren Europako Gaietako zuzendaria, Luis Petrikorena Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Irekiko zuzendaria, Estibaliz Sáez de Cámara EHUko Jasangarritasunaren zuzendaria, Jokin Alberdi Zuzenbide Konstituzionaleko eta EBko irakaslea, eta Laura Gómez Deustuko Unibertsitateko “EU Economic and Legal Integration for People” Jean Monnet katedraren titularra.