17 Maiatza, 2021

comunidades_islamicas_agentes_comunitarios
Urtearen hasieratik, EDE Ezagutzako eta Suspergintzako kideek osatzen duten taldea (Biltzenek emandako laguntza barne) Bilboko 4 komunitate islamiarretako (Assalam, Al Forkan, Badr eta Fivasco) liderrekin elkarlanean ari gara komunitateko eragile gisa betetzen duten rola eta haien ekimenak bistaratzeko, proiektatzeko eta balioa emateko asmoz.

Proiektuaren jatorria 2020an COVIDak eragindako konfinamendu-aldian topa dezakegu. Izan ere, orduan, kalean bizi ziren 700 pertsona baino gehiagok bi hilabete baino gehiago eman zituzten isolatuta larrialdiko izaerarekin aktibatutako hainbat baliabidetan (kiroldegiak, pilotalekuak eta abar). Denbora-tarte horretan, komunitate islamiarrek baliabide horiek kudeatu zituzten udalei eta gizarte-erakundeei eta Biltzeni, koordinaziorako baliabide horretako kidea ere bazenari, laguntza-lan goraipagarria eskaini zieten.  Egoera horiek berme osoz kudeatu ahal izateko, bereziki garrantzitsuak izan ziren honako hauek: baliabideen baitan elkarbizitzarako lagungarriak ziren jarduerak, erlijio musulmaneko pertsonei emandako arreta espirituala, janari-dohaintzen kanalizazioa, Ramadaneko ohiturak egokitzeko garaian aholkularitza, koordinazioa catering-eko enpresekin, jarraipen-batzordeetako parte-hartzea eta abar.

Biltzenek Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari aurkeztutako txostenean, komunitateek, komunitateko eragile rola betez, eskainitako gaitasunak sustatzeko eta haiei balioa emateko gomendioa zegoen jasota. Abiapuntu hori hartuta, aipatutako taldea aktibatu eta hasiera batean Bilbon kokatutako laneko proiektua diseinatu zuten. Gaur egun, lehen fasea amaitzear du proiektuak: gehienetan gertuko inguruneari (auzoa, udalerria…) zuzenduta komunitate islamiarrek garatzen dituzten jarduerak jasotzea, karakterizatzea eta sailkatzea. Ekainean hasiko da bigarren fasea, kontrastekoa deitzen dioguna, eta kanpoko (udal-teknikariak, gizarte-erakundeak, auzoko plataformak, EAEko beste udalerri batzuetako komunitate islamiarrak eta abar) eta barneko eragileekin (emakume musulmanak, gazteak eta abar) eztabaida-taldeak antolatuko ditugu.  Horren helburua da proiektuan parte hartu duten lau komunitateek egiten dutena modu kritikoan aztertzeko eta hobetzeko erabil dezaketen kalitatezko feedbacka lortzea:  egiten dutena nola baloratzen duten, haien ustez zer gehiago egin dezaketen, gauza ezberdinak egitea, elkarlanean aritzea eta abar. Udazkenean, informazio hori guztia orain arte egindako gogoetara gehituko da eta gure helburua da amaierako produktua eragile guztiei aurkeztea.

 

Proiektuak Fundación Pluralismo y Convivencia fundazioaren finantzaketa txiki bat jaso du eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren deialdira ere aurkeztuko dute.