16 Nov, 2021

Zaintzea 2
Joan den azaroaren 5ean izan zen zaintzaileen nazioarteko eguna, eta Zaintzea, Bilboko zaintzaileen senitartekoei babesa emateko Udal Zentrotik familia-ingurunean zaintza lanez arduratzen diren guztiei omenaldia egin nahi izan diegu.

Zentroko ekintza ugaritan parte hartu duten eta senitarteko bat zaintzen duten edo zaindu duten bi pertsona izan ziren omenaldiaren protagonistak. Zaintza-esperientzia oso desberdinak azaldu zituzten:

  • Lehenengoak, gizona zaintzen duen emakumeak, lanaldi osoko arreta eskatzen duten eta karga emozional handia eragiten duen zaintzen egoera bat azaldu zuen. Hala ere, maitasunez eta dedikazioz hitz egiten zuen, eta gizona ondo zaintzeko “bere burua zaintzearen” eta erakundeei laguntza eskatzeko beharraren ideia nabarmendu zuen.
  • Bigarren kasua aitaginarrebaren zaintzan lagundu zuen gizonezko batek partekatu zuen. Batzuetan andreari babesa ematen zion, askoz modu arinagoan eta halako kostu emozionalik gabe.

Barakaldoko, Trapagako eta Etxebarriko zaintzaileen senitartekoei laguntzeko programetan lan egiten duten bi psikologok, Laura Ruizek eta Eva Fernándezek ere parte hartu zuten. Haien arabera, garrantzitsua da zaintza-lanetan ari diren pertsona guztiak lehen unetik gizarte-zerbitzuetara joatea babesa eskatzera, osasuna arriskuan jar dezaketen gehiegizko gainkargarik izan ez dezaten.

Jardunaldia amaitu zenean, bertaratu zirenek sentsazioak partekatzeko aukera izan zuten. Askatasunez adierazi ahal izan zuten sentitutakoa, eta sortutako eztabaidatik proposamen interesgarriak atera ziren, horien artean, programa horiek ikusgarriago egiteko eta haien publizitate gehiago egiteko beharra.