AURKEZPENA
OREKATUZ Batzordea 2001ean abian jarri zen lantaldea da eta erakundeko gizon eta emakumeen berdintasun-plana diseinatzea zuen xede. Batzordeko kideek berdintasunari buruzko barne-prestakuntzako programa diseinatu zuten eta emakumeen eta gizonen berdintasun-egoerari buruzko lehen diagnostikoa bultzatzeaz arduratu ziren genero-harremanen ikuspegitik abiatuta. Hala, 2005ean garatzen hasi ziren lege mailako esparruari aurrea hartu ziotela esan dezakegu.
Berdintasuna lortzearekin lotutako konpromiso handiko gizon eta emakumeek osatu izan dute eta osatzen dute. Sail eta zerbitzu ugaritakoak dira eta ibilbide profesional ezberdinak dituzte. Gaur egun, Batzordeko kide izan dira 30 pertsona baino gehiago.
Pertsonen Kudeaketa eta Garapen arloan txertatuta dago eta abian jartzen diren OREKATUZ planetako jarduerek izandako emaitzak ebaluatzeaz, sentsibilizatzeaz, bultzatzeaz eta zaintzeaz arduratzen da. Hori guztia erakundeen aitorpena eta babesa jasota egiten dugu beti.
Batzordeak 20 urte daramatza funtzio hauek betetzen:
- Erakundearen berdintasun arloko estrategiari eta OREKATUZ planei bultzada ematea.
- Planeko jarduerak gainbegiratzea eta jarraipena egitea.
- Berdintasuneko estrategia aztertzea eta bideratzea.
- Parte-hartzea eta hedatzea: lotura-lana laneko esparruekin.
- Berdintasun arloko sentsibilizazioa maila operatiboan.