20 Apr, 2026

busturialde afrika
Aurten hamabosgarren edizioa bete du Suspergintza Elkarteak, Busturialdeko Inmigrazio Zerbitzuaren enkarguz, opor garaian garatzen duen jarduera-programak. 2012an abiatu zenetik, proiektu honen helburua izan da ume eta familiei elkar ezagutzeko eta elkarbizitza errazteko aukera eskaintzea, munduko kultura ezberdinen ezagutza sustatuz eta aniztasuna aberastasun gisa ulertuz.

Urtero 5 eta 11 urte bitarteko 300 haur inguruk hartzen dute parte programan, Busturialdeko herri ezberdinetan bizi diren eta hainbat jatorri ezberdin duten familietakoak izanik. Jarduerak euskaraz egiten badira ere, programaren ardatza elkarbizitza, partekatzea eta kulturarteko topaketa dira.

Programaren helburu nagusiak hauek dira:

  • Kultura-aniztasunaren eta elkarrekiko errespetuaren balioa zabaltzea.
  • Busturialdeko herri ezberdinetan (Ajangiz, Nabarniz, Ea, Gernika, muxika, besteak beste) bizi diren jatorri askotako haur eta familien arteko harremanak sendotzea.
  • Aisialdia eta inklusioa uztartzea, guztion parte-hartzea bermatuz.
  • Esperientzia partekatuen bidez munduko kultura desberdinen ezagutza sustatzea.

 

Urte hauetan zehar jarduera askotarikoak garatu dira, hauen artean arrakastatsuenak; herrialde esberdinetako sukaldaritza tailerrak, eskulanak, herri ezberdinetako musikak eta dantzak, eta naturan burutzen diren jolasak.

Parte-hartzaileen familiek azpimarratu dute esperientziaren balio soziala eta hezitzailea: “Gure seme-alabek elkarrekin jolastu, ikasi eta kultura ezberdinen artean harremanak sortu dituzte”.

EDE Suspergintzak, Busturialdeko Inmigrazio Zerbitzuaren laguntzaz, lanean jarraitzen du aniztasunean eta elkarbizitzan oinarritutako Busturialde ireki eta solidario baten alde.