Azken hilabeteotan hainbat ikastetxetan gazteei zuzendutako hezkuntza-saioak garatzen ari gara, adingabeen artean pornografiaren kontsumoak duen eraginari buruz hausnartzeko helburuarekin.
Saio hauen bidez, gazteei tresnak eskaini nahi dizkiegu pornografia ez dadin euren harreman afektibo eta sexualen erreferente bihurtu. Izan ere, gaur egun internet bidez oso erraz eskuratzen diren eduki pornografikoek askotan errealitatea distortsionatzen dute, estereotipoak indartzen dituzte eta harremanetan oinarritu beharko liratekeen errespetua, komunikazioa eta adostasuna bigarren plano batera eramaten dituzte.
Tailerretan zehar, sexualitatearen inguruko ikuspegi osasuntsu eta kritikoa lantzen dugu, gazteek ulertu dezaten norberaren sexualitatea ezagutzea eta bizitzea pornografia-kontsumotik oso urrun dagoela. Sexualitatea esperientzia pertsonal, emozional eta askotarikoa dela azpimarratzen dugu, eta ezin dela pantailan ikusten diren ereduen arabera ulertu edo eraiki.
Era berean, sare sozialen, presio sozialen eta eduki digitalen eraginaz ere hitz egiten dugu, gazteek kontsumitzen duten informazioa modu kritikoan interpretatzeko gaitasuna indartuz.
Hezkuntzaren eta prebentzioaren bidez, gazteekin espazio seguruak sortzen jarraitu nahi dugu, zalantzak partekatzeko, galderak egiteko eta sexualitateari buruzko ikuspegi libreagoa, osasuntsuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko.
