EDEk eta APNABIk lankidetza-proiektu bat jarri dugu abian autista helduei esperientzia erreala eta autonomia eta bizimodu independentea eskaini ahal izateko, gainbegiratutako entrenamendu baten bidez. Hitzarmen horren esparruan, bi pertsona uztailean hasi ziren EDE eraikineko zuzkidura-apartamentuetan bizitzen, eta emantzipazio-prozesuan beste urrats bat eman dute.
APNABI Autismo Bizkaiaren Atarian proiektua, non bi erakunde sozialen arteko lankidetza hau kokatzen den, bizitza autonomorako prestaketaren eta bizitza independente baterako sarbidearen arteko erdibideko espazio bat sortzeko helburuarekin sortu da. Ikaskuntza errealeko laborategi bat da, eta, bertan, parte-hartzaileek eguneroko bizitzarekin eta bizikidetzarekin lotutako hainbat gaitasun praktikan jar ditzakete, aldi baterako eta gainbegiratuta.
Sei hilabetera arteko egonaldian, etxeko antolaketa, sukaldaritza, garbiketa, kudeaketa ekonomikoa, errutinen plangintza, mugikortasuna, gorabeheren konponbidea eta komunitatean parte hartzea landuko dituzte. Prozesua pertsona bakoitzaren beharretara eta helburuetara egokitzen da, eta ebaluazio batekin amaitzen da. Ebaluazio horri esker, autonomia handiagorako ibilbidearen hurrengo urratsak zehaztu ahal izango dira.
Lankidetzak bi erakundeen gaitasunak batzen ditu. APNABIk autistei laguntzen espezializatutako esperientzia eskaintzen du, baita etxeko laguntza pertsonala, jarraipen soziolaborala eta prozesuaren ebaluazioa ere. Bestalde, EDEk apartamentuak, etxeko zerbitzuak eta komunitateari lotutako baliabideak eskaintzen ditu, baita zerbitzu osagarriak, gizarte- eta hezkuntza-laguntza eta Indautxu auzoarekin eta haren sareekin konektatzeko aukera ere.
Atarian proiektuarekin, bi erakundeok autonomia pertsonalarekiko, bizitza independentearekiko, gizarteratze komunitarioarekiko eta autista helduen eskubideak eraginkortasunez baliatzearekiko dugun konpromisoa indartu nahi dugu, pertsona bakoitzari bere bizi-proiektuan aurrera egiteko aukera emango dioten laguntzak sortzearen aldeko apustua eginez.
Proiektu hau Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketari esker egin daiteke, haren babesa funtsezkoa baita horrelako ekimenak bultzatzeko. Foru erakundearen babesak autisten emantzipazio-prozesuen aldeko apustua egitearen garrantzia nabarmentzen du, bizi-proiektu osoa, autonomoa eta komunitatean erabat integratua garatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak bermatuz eta erraztuz.
