26 Feb, 2019

violencia_genero_decreto_cartera_servicios_sociales

Administrazio publikoek urratsak eman dituzte gizarte-zerbitzuen euskal sistema sendotzeko; Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko Zerbitzuari haien zerbitzuak Zorroaren Dekretura egokitzeko laguntza teknikoaren prozesua landu dugu.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen 2016-2019 Plan estrategikoak, Gizarte Zerbitzuen Legeak jasotzen zuen moduan, Gizarte Zerbitzuen Mapa definitzen du, eta horrek ezartzen du zein den baliabide bakoitzaren gutxieneko estaldura maila eta intentsitatea.  Halaber, gertutasun mailaren arabera zerbitzu bakoitza ezartzeko gutxi gorabeherako populazio-irizpide egokienak zein diren zehazten du. Beheko koadro honetan ageri den moduan:

Testuinguru horretan, administrazio publikoak gizarte-zerbitzuen sistema garatzen aurrera egiteko urratsak ematen ari dira, baliabideak berrikusiz Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko 2015eko urriaren 6ko 185/2015 DEKRETURA egokitzea baloratzeko eta Gizarte Zerbitzuen Maparen estaldura maila betetzen den egiaztatzeko. Beraz, gizarte-zerbitzuen sistemari bultzada emateko une garrantzitsuan gaude.

EDE Fundaziotik urteak daramatzagu Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Zerbitzuen garapenaren alde lanean, lehentasunezko esku-hartze ildoa izanik. Gaur egun, ildo horretan laguntzeko zenbait prozesu ari gara egiten. Zehazki, lan-prozesu honetan, Emakumea Babesteko eta Familiari Laguntzeko Zerbitzuaren mendeko baliabideak berrikusten Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Gizarteratzea Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiari lagundu diogu.

Laneko prozesua bi fasetan garatu da. Lehen fasea zerbitzu guztien prestazioen azterketan oinarritu zen (teknikak, osagarriak, osasunekoak, enplegua…), baita hauetan ere: profesionalen kopurua eta profila, kontratatutako profesional independenteen zerbitzuak eta abar, Zorroaren Dekretura duten egokitze maila baloratzeko. Era berean, azken hiru urteetako memoriak berrikusi genituen, arreta emandako kasuen bolumenean izandako bilakaera detektatzeko, plazen txandakatze-indizea, emakumezko erabiltzaileen profila (adina, egoera ekonomikoa eta lan-egoera, egoitza-egoera, osasuna…). Horrek ahalbidetu zuen egungo estalduraren datu kuantitaibo eta kualitatiboak eskuratzea eta baliabide bakoitzaren estaldurari dagokionez Gizarte Zerbitzuen Maparen betetze maila eta eskaeraren bilakaera posiblea kalkulatzea. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundirako zerbitzuak Zorroaren Dekretura egokitzeak eta gizarte-zerbitzuen mapara zabaltzeak eragingo lukeen kostuaren balorazio ekonomikoa ere egin zen.

Bigarren fase batean, esku hartzeko prozedura orokorra berrikusi zen, esku hartzeko irizpideetan nahiz prozesuen egituraketan hobekuntza posibleak identifikatu ahal izateko, hartzaileengan jarrita arreta nagusia, betiere. Horretarako, inplikatutako pertsona guztien ikuspegia hartu da kontuan (erabiltzaileak, zerbitzuak ematen dituzten erakundeen profesionalak, Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko Zerbitzuko talde teknikoa eta esku hartzeko prozeduran parte hartzen duten zerbitzuetan gainerako profesionalak, zehazki, Gizarteratze Zerbitzukoak eta Umeen Zerbitzukoak).

Oraindik egiteko asko dagoen arren, administrazio publikoak gizarte-zerbitzuen sistema sustatzeko eta egituratzeko urratsak ematen ari dira, zerbitzuak hobetzeko eta egokitzeko esfortzu handia eginez.