05 Feb, 2019

BILBAO FORMARTE gizarte-ekimeneko kooperatiba bat da, 2013an sortua, dibertsitate funtzional psikiko edo intelektuala duten pertsonentzako arte plastikoen eskola baten sustatzailea. Jarduera-ildoen inguruan egin duten gogoetan haiekin izan gara.

Prestakuntza-zentro hau sortzearen helburua dibertsitate funtzional psikiko edo intelektuala duten pertsonei sorkuntza artistikoaren bidez garapen pertsonal eta profesionalerako programa bat eskaintzea da, pertsona horien autoestimua handitzeko eta egunerokoan aplika ditzaketen baliabideak eskaintzeko.  Erabiltzaileei, etorkizunean, lan egiteko aukera eskaintzea ere bada proiektuaren helburua.

2017an gauzatutako lan-prozesu honetako eskaeraren jatorria erakundeak funtzionatzeko moduarekin eta kudeaketa-ereduarekin lotutako zenbait alderdi berraztertzeko edo hobetzeko sentitutako beharrean dago.

Hori horrela, laneko prozesu bat garatu dugu kooperatibako bazkideekin aldizkako bilerak eginez eta bilera horietan, besteak beste, informazio eta dokumentazio ekonomikoa, finantzetakoa, erabiltzaileen kopuruari eta profilari dagokiona, prestatu eta gauzatutako hedapen-planak eta abar berraztertu ditugu. Aipagarria da proiektua abian jarri baino lehen eginiko Negozio-planaren berrazterketaren inguruan egindako lana. Eguneratu egin dugu eta zenbait urtetako funtzionamenduak emandako eskarmentuaren arabera doitu ere bai.

Informazio horren guztiaren analisitik abiatuta, erakundea etorkizunean non egotea nahi duten, nolakoa izatea nahi duten eta horretarako landu beharreko negozio-ildo nagusiak zehazteko urratsak egin ditugu laneko saioetan eta horretarako, proiektua abian jarri zenetik igarotako urteek errealitatea ezagutzeko eman dieten jakintza hartu da kontuan.

Hortik abiatuta, kooperatibistek zer negozio- edo jarduera-ildoren aldeko apustua egitea erabaki duten kontuan hartu eta horiek zehazteko urratsak egin ditugu; baita lortzeko egin beharreko lanak zehazteko urratsak ere.

Prozesu horri esker, proiektuko bazkideek eguneroko lanak ematen duen ikuspegia baino ikuspegi zabalagotik birpentsatu ahal izan dute erakundearen eta gaur egungo funtzionamenduaren inguruan, eta eskuratutako esperientzian eta jakintzan oinarrituta, ezarri dituzten helburu berriak lortzeko mekanismo eraginkorrenak zein diren ere zehaztu dute.