29 Sep, 2023

Proiektuak – 1,5 milioi eurorekin finantzatuta- Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Saila buru duten erakunde publiko eta pribatuetako, fundazioetako, klusteretako eta Europako organismoetako 14 bazkideren esperientzia biltzen du. Europako proiektu berriak hiru urteko iraupena izango du, eta jarraipena emango dio Euskadin ezarritako ereduari, hurbileko bulegoekin birgaitutako auzoetan. EDE Fundazioa partzuergoko kide gara.

Euskadik 2019an jarri zuen abian hiria berroneratzeko Opengela eredua, auzoetan hurbileko bulegoak ezartzeko. Esparru horretan, EDE Fundazioak sektore arteko mahaiak dinamizatu zituen, esku hartzeko arlo desberdinen arteko elkarrizketa eta koordinaziorako.

Ekimenaren arrakastaren ondorioz, Europako Batzordeak LIFE programaren bidez proiektu berri baterako –BIRTUOSS izenekoa- finantzaketa eman du, datozen hiru urteetarako. Hiri-berroneratze prozesuari jarraipena emateko balioko du, orain alderdi sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak integratuz indartuko dena.

Opengela 2019an jaio zen, Europako Horizon 2020 esparru-programaren bidez finantzatutako proiektu gisa. Ia lau urtez, auzo-bulegoen sare batek osatutako kudeaketa-eredu bat garatu zen. Auzotarrei laguntzen diete eraikinak zaharberritzen, eta, gai teknikoetan eta finantzarioetan aditua den aholkularitzaz gain, jarduera horiek dakarten prozesu luzean beharrezkoak diren hurbiltasuna eta konfiantza ematen dute. Otxarkoaga (Bilbo) eta Txonta (Eibar) auzoetan bi esperientzia pilotu izan genituen abiapuntu, eta une honetan eredua Euskadiko hogei bat auzotan zabaltzen ari da.

Proiektuak hiri-berroneratzearen ikuspegi integrala ematen du, Euskadi osorako kudeaketa-sistema batean zentratuz, bost gakorekin: auzoetako deskarbonizazioa (ez eraikin bakoitzarena bakarrik), hiri-ingurunean naturan oinarritutako konponbideak txertatzea, esku hartzeko eredu horren hedapenaren lurralde-ikuspegia, administrazio publikoen lidergoa izanik sektore pribatuarekin lankidetzan, hurbileko bulegoen eredua sendotzean eta finantzaketa-formula eskuragarriak aplikatzean oinarrituta.

Bilboko Torreurizar auzunea saiakuntza-bankua izango da proiektuaren aurrerapenak esperimentatzeko.

 

14 bazkide Europako proiektuan

Azken batean, hirien bizitzan gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-arloan hobekuntzak lortzea da kontua. Eta hori lortzeko, BIRTUOSSek 14 bazkideren partehartzea izango du, erakundeetakoak, sektore pribatukoak, fundazioak, klusterrak eta Europako erakundeak.

Partzuergoaren buru Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritza da. Honako hauek ere sartzen dira: Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Bilboko Udal Etxebizitzak (VVMM), Ingurumen (Aclima), Eraikuntza (Eraikune) eta Ezagutza eta Teknologia (GAIA) klusterrak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) CAVIAR ikerketa-taldea, EDE Fundazioa, Ciclica kooperatiba (deskarbonizazio-estrategietan aditua), bai eta finantzaketan (GNE Finance), komunikazioan (Gabineteseis) eta Europako gaietan (Zabala Innovation) adituak diren enpresak ere, bai eta Europa mailako bi erakunde ere, hala nola Fedarene (Energia eta Ingurumenerako Agentzien eta Eskualdeen Europako Federazioa) eta Green Building Council España (GBCe).

EDE Fundazioa proiektuaren bazkide soziala gara, eta birgaitze-prozesuek ikuspegi sozial hori barneratzen dutela, eta gauzatzen diren auzoen kohesio sozialean laguntzen dutela baliozkotzeaz arduratzen gara.