Guruzu Jatetxeak 2025eko urriaren 20an eman zuen lehen zerbitzua, pertsona guztientzako topagune abegikor, anitza, eta normalizatzailea izateko asmoz. Elikadura osasungarriaz gozatzeko, harreman eta lotura sozialak sendotzeko, bizikidetzaren eta komunitatearen arteko topaketa sustatzeko eta ekimen kulturalez gozatzeko, hori guztia aniztasunaren aberastasunari balioa emanez. Guruzu helburu bat duen jatetxea da: komunitatea sortzea, aukerak sortzea eta bizitzak hobetzea.
Inaugurazioaz geroztik, Guruzu Jatetxeak 30.000 plater baino gehiago zerbitzatu ditu, eta proiektuaren hasierako aurreikuspenak gainditu ditu (batez beste, 65 menu eskaini ditu egunero). Horrek beste ahalegin bat eskatu dio gure talde profesionalari. Talde hori ostalaritzaren munduan ezagutza profesional zabala duten langileek eta, Suspertu gure laneratze-enpresaren bitartez, gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonek osatzen dute.
Eguneroko menuak eskaintzeaz gain, gizarte-erakundeen, enpresen eta partikularren ekitaldietarako prestatutako 125 catering-zerbitzu ere eman ditugu.
Musutruk – Menu Solidarioak
Lehen urteurren hau ospatzeko, Guruzuk gastronomiaren bidez kohesio sozialaren alde egiten duen apustuari zentzu handiagoa ematen dion ekimen berri bat jarri du martxan: Musutruk – Menu Solidarioak. Ekimen horri esker, inguruko hainbat gizarte-erakundetako erabiltzaileak jateko eta mahaia partekatzeko esperientziaren parte direla sentitu ahal izango dute, eta Guruzuren eskaintza gastronomiko eta kulturalaz gozatu ahal izango dute. Horrelako espazioetan normalean presentzia txikia edo parte hartzeko aukera gutxiago duten profilez ari gara.
Ekimenak doan jartzen ditu eskuragarri menu solidario horiek hainbat toki-erakunderentzat, eta haiekin lan egiten duten kolektibo eta erabiltzaileei eman ahal izango zaizkie (desgaitasuna, inklusioa, osasun mentala, hirugarren gradua, gaixotasun kronikoak…). Kolektibo horiek eguneroko bizitzako espazioetan parte har dezaten erraztea da helburua, jatetxe baten ohiko ingurunean egon daitezen eta gizarte-interakzioak normalizatzen lagun dezaten. Esperientzia hori, autonomia eta parte-hartzea sustatzeaz gain, funtsezko elementua da gizarteratzeko prozesuetan. Ekimen hau Rural Kutxaren, Juan de Azkarate Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren laguntza eta finantzaketari esker egin da.
Orain arte, Bizkaiko hamabost gizarte-erakunde ari dira ekimen honetan parte hartzen. Uztailean hasi ginen lehen fase pilotuari dagozkion lehen mahaikideak hartzen. Urte amaierara arte iraungo du, eta 2.000 menu inguru doan eskaintzeko aukera izango dugu.
Musutruk – Menu Solidarioak ekimenak amaiera bikaina eman dio Guruzuren lehen urteurrenaren ospakizunari. Urte honetan, jatetxeak gastronomia eta inklusioa eskutik helduta ibil daitezkeela erakutsi du. Partekatutako mahai batek elikatu ez ezik, komunitatea sortu ere egiten duelako.








