EDEn uste dugu jasangarritasuna ez dela helburu bat, bide bat baizik. Zeharkako konpromiso bat, gure inpaktu-estrategia eta eguneroko jarduerak gidatzen dituena, eta, jakina, bizi garen espazioetan islatzen dena. 2024 osoan zehar gure eraikin nagusia zaharberritu dugu. Ez da bakarrik hobekuntza fisiko bat, baizik eta ingurunea gehiago errespetatuko duen garapen eredu baten aldeko apustu sendo bat, efizienteagoa eta Fundaziotik sustatzen ditugun balioekin bat datorrena. “Munduari betaurreko berdeekin begiratzeko” borondatetik, jasangarritasuna eraikinaren eraldaketa fisikoan, bertan bizi diren pertsonengan eta gure jarduera guztietan islatu eta landu dadin nahi dugu.
EDE eraikin berriaren proiektua jasangarritasunaren ikuspegi integral batetik sortu da. Gutxi gorabehera milioi 1 euroko inbertsioa egin da ingurumen-irizpideekin (obra osoaren % 15), eta eraikina E kalifikazio energetikotik A kalifikaziora igaro da.
Honako aldaketa hauek nabarmendu behar dira, besteak beste:
- Eraistearen aurrean birgaitzea, eraikinaren jatorrizko egitura berreskuratuz eta eraikuntza-prozesuan ere ekonomia zirkularraren aldeko apustua eginez.
- Isolamendu termikoa hobetzea: kanpoko isolamendu termikoko sistemak (SATE) sartu dira, klimatizazio-beharra nabarmen murriztu dutenak.
- Energia-kontsumoak murriztea: zoru erradiatzaile eraginkorra instalatu eta galdara modernizatu da..
- Lehendik dauden elementuen aprobetxamendua — jatorrizko leihoena, esaterako —, efizientzia energetikoa eta erosotasuna konbinatzen dituzten soluzio berritzaileak integratuz.
- Hiri-lorategi bat eta terraza berde bat jartzea, jardueretarako, topaketetarako eta hausnarketarako espazio ireki bat izango dena, onura estetikoak emateaz gain, isolamendua ere hobetzen duena eta hiri-biodibertsitateari laguntzen diona.
- Eraldaketaren zuhaitza: Lurgaia Fundazioarekin lankidetzan, partaidetza-prozesu bat egin da eraikinaren barruan zuhaitz bat aukeratzeko eta landatzeko. Zuhaitz hori paisaia-elementu bat izateaz gain, hazkundea, bizitza eta EDEek etorkizunarekin duen konpromisoa irudikatu nahi ditu. Aldaketaren sinbolo bizia da.
Eraginkortasun energetikoko hobekuntza horrek, emisioak murrizteaz gain, balio bat ere sortzen du, eta, horregatik, Energia Aurrezteko Ziurtagiriak (EAE) lortzeko prozesuari ekin diogu. Ziurtagiri horiek birgaitzearen ondoren lortutako CO2ren emisioen aurrezpena aitortzen eta baloratzen dute. Ekimen horri esker, urteko energia-aurrezpenaren bolumen handia egiaztatu ahal izango da, eta hori proiektu jasangarri berrietarako probestu ahal izango da.