AlbisteakPersonas emergencia social
EDEtik Solasaldiak & Ikasketak programaren hirugarren saioa egin genuen joan den uztailaren 9an. Saio horretan, honakoaren inguruko hausnarketa egin genuen: “Nola esku hartu urrunetik, eragina hartzaileengan eta arreta-ereduak”.

EDE Enplegu Inklusiboa taldeko kideek antolatu eta kudeatutako EDEtik Solasaldiak & Ikasketak programaren hirugarren saio honetan, “Pertsonak gizarte-larrialdiaren erdigunean: nola esku hartu urrunetik, eragina hartzaileengan eta arreta-ereduak” goiburupean, Marta Senz Zabaltzen – Sartu Koop. Elkartearen koordinatzaile orokorraren, Amaia Lasheras Arrats Elkarteko koordinatzailearen, eta Silvia Urquijo CEAR Euskadiko enplegu teknikariaren esperientziak eta hausnarketak entzuteko eta alderatzeko modua izan genuen.

Osasun-krisia dela eta, aurrez aurreko esku-hartze jarduerak bertan behera geratu dira, baina ez normalean esku hartzen dugun pertsonen bizitza eta beharrak, horiek jarraitu egin dute, eta haien beharrak, gehienetan, aldatu eta/edo areagotu egin dira.

Erakundeek eskaintzen dituzten jarduera eta zerbitzuek harremanen aldetik duten balioa bereziki erasan du Covid-19aren krisiak, eta hori kezkagarria da, aurrez aurrekoan sortzen den lotura dela eta.

Aurrez aurrekoak ez diren metodoen bidez lan egitea izan da gure erronketako bat, batez ere, zailtasun-egoeran dauden pertsonekin esku hartzean. Kalean edo infraetxeetan bizitzen egon daitezkeen pertsonak dira, eta gainera, pobrezia- edo zaurgarritasun-egoeragatik kultura digitalik edota ekipamendu informatikoa izateko aukerarik ez dutenak.

Bizitutako egoeren eta emandako arretaren gainean hausnartzea, eta esku-hartzearen, hartzaileengan izandako eraginaren eta arreta-ereduen gaineko egoerak eta erronkak definitzea. Horixe da larrialdi sozialak utzi diguna, eta saio honetan gai horri heldu genion.

Hausnarketa horien emaitza da honako txostena. Itziar Garayk egin du, gure lankideak, eta akta grafiko eta dinamiko baten bidez, hitzaldiak laburtzen ditu. Txostena ikusteko, egin klik hemen.

Gainera, saio osoaren bideoa ikustera gonbidatzen zaitugu.

Esteka honetan, berriz, EDEtik Solasaldiak & Ikasketak “Nola esku hartu urrunetik, eragina hartzaileengan eta arreta-ereduak” saioaren erredakzioa irakur dezakezue, SER kateak “Hoy por Hoy Bilbao” programan egina.