Albisteak
EDE Fundaziotik gure elkartasuna adierazi nahi diogu Venezuelako herriari.

Zailtasunez beteriko une hauetan, gure hurbiltasuna helarazi nahi diegu hango errealitatearen ondorioak pairatzen dituzten pertsona guztiei. Bereziki beren eskubideak, segurtasuna eta bizi-proiektu duin bat eraikitzeko aukerak arriskuan ikusten dituztenengan pentsatzen dugu, baita beren senideen egoeraz kezkaturik, herrialde hartatik kanpo bizi diren venezuelar guztiengan ere.

Giza eskubideekin, justizia sozialarekin eta gizarte inklusiboago baten eraikuntzarekin konprometitutako erakundea garenez, uste dugu giza-krisiek edo hondamendi naturalek ezin gaituztela axolagabe utzi. Sufrimenduaren aurrean, elkartasuna konpromiso etikoa da; zaurgarritasunaren aurrean, laguntza eta lankidetza partekatutako erantzukizuna dira.

Horrez gain, Venezuelako herritarren elikadura, osasun-arreta, babesa eta beste oinarrizko eskubide batzuk bermatzeko egunero lan egiten duten erakunde humanitarioen, lankidetzaren eta gizarte zibilaren lana aitortu nahi dugu.

EDE Fundazioan, gure gaitasun eta esperientziatik abiatuta, venezuelarrei harrera egiteko, eta lagundu ahal dieten ekimen guztietan parte hartzeko prest gaude.

Gaur itxaropen eta konpromiso mezu bat bidali nahi dugu.

Izan ere, elkar zainduz bakarrik eraiki ahal izango ditugu gizarte bidezkoagoak, inklusiboagoak eta demokratikoagoak.