20 Nov, 2025

Eragile_jardunaldia_web
Hirugarren Sektorean eta Gizarte Ekonomian gero eta gehiago hitz egiten dugu inpaktuaz. Baina, hala ere galdera deserosoak daude: zer aldatzen da benetan pertsonen bizitzan egiten dugun guztiarekin? Horixe da joan den asteazkenean, azaroaren 19an, Iñigo Retolaza, Ines Bergaretxe Jauregibeiti eta Eduardo Escobésekin batera jorratu genuen gaia.

“Axola duen inpaktua” topaketan, hain zuzen ere, hortik abiatu ginen. Ez ginen aritu modei  buruz, ez siglei buruz, ez softwareri buruz, ideia sinple bati buruz baizik: inpaktua = pertsonen bizitzan eta gizartean izandako aldaketa. Eta agian, “inpaktuaz” baino gehiago, ekarpenaz hitz egitea komeniko litzaiguke: nolako ekarpena egiten diegun, beste eragile batzuekin batera, nahi ditugun aldaketa horiei.

Hiesaren aurkako Herritarren Batzordearen esperientziak hala erakusten du. Datuz, grafikoz eta taulaz betetako memoriak zituzten, baina ez zen ia jenderik agertzen. Taldeak, oso asistentziala izanik, “datuek gizatasuna kentzen dutela” sentitzen zuen. Gakoa ez da izan tresna teknologiko handi bat izatea,  zerbait  askoz oinarrizkoagoa baizik: elkarrizketak pertsonekin banan-banan, kafeak, haiei entzutea. Lotura horretatik abiatuta, pertsonek esan dezakete zer behar duten, zerk ematen dien mina, zer axola zaien. Eta hor gako interesgarriak agertzen dira.

Haiek garrantzitsutzat jotzen dutena da neurtu beharko genukeena, eta garrantzitsua den horretatik abiatu behar da inpaktuaren kudeaketa.

Bestalde, aldaketaren teoria ez zen planteatu txostenetarako eskema polit gisa, baizik eta aldaketa hobeto pentsatzeko esparru gisa:

  • Zer aldaketa ikusi nahi dugu?
  • Zein testuingurutan?
  • Zer baldintza bete behar dira (pertsonalak, harremanetakoak, kulturalak, egiturazkoak)?
  • Zer egingo dugu guk eta zer egin dezakete beste batzuek?
  • Zer aldaketa-zantzu jarraitu nahi ditugu denboran?

Horrek gauza sakonak mugitzera behartzen du: lidergoak, egiturak, hizkuntzak, ohiturak. Inpaktutik abiatuta kudeatzea, horrela ulertuta, ez da gehigarri tekniko bat, antolaketa-kulturan sakontzea baizik.

Eta beste galdera bat geratzen da: nori erakutsi behar diogu inpaktua?

Erantzun zintzoa “administrazioari, finantzatzen jarrai dezan” bada, gaizki goaz. Zuk adierazleak eskatzen dizkidazu, nik egiten dizkizut, baina inork ez du begiratzen bizitzak benetan aldatu diren ala ez.

Erronka beste bat da: esperientziaren benetakotasuna zainduko duen inpaktu-kultura bat eraikitzea, pertsonak erdigunean jarriko dituena eta datu baliagarriak erabiliko dituena: ikastea, hobeto erabakitzea eta hobeto zaintzea.

Hori guztia teoria hutsean ez uzteko, EDEren apustua den ERAGILE aurkeztu zen, Euskadiko Hirugarren Sektorean eta Gizarte Ekonomian inpaktuaren kultura bultzatzeko programa.

Helburua: erakunde-ekosistema bat gizarte-inklusioari eta gizarte-kohesioari egiten dien ekarpena erakutsiko duena,  hobeto erabakitzen lagunduko duten ebidentzia sinpleekin.

Ikasteko eta praktikarako bi komunitate proposatzen dira, erakundeentzat doan direnak:

  1. Alfabetatzea kudeaketan eta inpaktuaren neurketan.
  2. Ulertzetik egitera: diseinatu aldaketaren zure teoria.