17 Mar, 2022

conocimiento_pobreza_menstrual
Hilekoa izaten duzu? Hala bada, kalkuluen arabera, 3.000 egun igaroko dituzu hilekoa ematen, hau da, 8 urte inguru eta 2.000 eta 5.000 euro artean gastatuko dituzu hilekoaren produktuetan zure bizitzan zehar. Tapoiak, konpresak eta hilekoaren beste produktu batzuk garestiak dira, eta, beraz, ez dago emakume guztien eskura. Are gehiago, desberdintasunak areagotu dituen munduko pandemiaren ondoren.

EDE ezagutzan, Hilekoaren Pobrezia eta higienea EAEn azterlana egin dugu Emakunderentzat. Bere helburua da hilekoaren pobreziaren fenomenora hurbiltzea eta errealitate horrek zaurgarritasun handieneko egoeran dauden emakumeei nola eragiten dien ikustea.

Estatuan egindako Hilekoaren inekitatea eta osasuna azterlanean bildutako datuen arabera, emakumeen % 22,2k zailtasun ekonomikoren bat izan du bizitzako uneren batean hilekoaren produktuak erosteko. Gainera, % 39,9k hilekoaren produktu merkeagoak aukeratu behar izan dituzte, zailtasun ekonomikoak tarteko.

Baina pentsa zitekeenaz harago, hilekoaren pobreziak produktuen prezioarekin ez ezik, horiek erabiltzeko leku egokietara (bainugela eta konketa garbiak, guztiz hornituak eta seguruak) iritsi ahal izatearekin eta hilekoaren zikloari buruzko informazio erreala eta egiazkoa lortzeko aukerekin ere lotuta dago.

Hala, hileko pobreziak, modu batera edo bestera, emakume guztiei eragiten die, hilekoaren kudeaketari aurre egin behar baitiote beren bizitza ugalkorreko hilabete guztietan, eta horrek inplikazioak ditu haien bizitzetan, ekonomiari, osasunari eta abarri dagokienez.

Hala ere, argi dago emakume guztiek ez dituztela haien kudeaketa egokirako behar diren produktuak eskuratzeko aukera berdinak. Hala, EDE Fundazioak egindako azterlanean jasotzen denez, pobrezia-egoeran dauden emakumeek, desgaitasunen bat dutenek edo guraso bakarreko etxekoen unitateen buru direnek, besteak beste, are zailtasun handiagoak dituzte fenomeno horri aurre egiteko.