09 Mar, 2026

berbizi
Berbizi programa jarri berri da martxan Gipuzkoan, helburu argi batekin: zaintza komunitarioa eta indarkeria matxisten aurreko erantzun kolektiboa indartzea, emakume boluntarioen sare bat sortuz. Programak emakumeen bizitza, autonomia eta ongizatea erdigunean jarriko ditu, eta, aldi berean, laguntzeko sare komunitarioak indartuko ditu.

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuko berrikuntza sozialeko proiektuetarako dirulaguntzen 2025. deialdian hautatu da.

Berbizi emakume boluntarioen sare sozial eta komunitario indartsu bat ehuntzeko asmoz sortu zen. Prestakuntzaren eta elkarrekiko laguntzaren bidez, laguntza-prozesu askotarikoak, berritzaileak eta iraunkorrak bultzatzen ditu sare horrek, bizitza eta zainketak erdigunean jarriz. Helburua da indarkeria matxistei aurre egiten dieten emakumeei laguntzeko tokiko gaitasunak indartzea, erantzun komunitarioa indartuz eta kolektiboki gizarte bidezkoago, seguruago eta bizigarriago baterantz aurrera eginez, non emakumeen ongizatea eta duintasuna lehentasun partekatua izango diren.

Berbizik emakumeen egunerokotasunean ezberdintasuna eragin dezaketen laguntza-prozesuak eskainiko ditu: besteak beste, ardurapeko pertsonak zaintzeko laguntza, hizkuntza eskuratzeko eta ulertzeko laguntza, loturak eta sareak sendotzeko laguntza soziala eta komunitarioa, eta laguntza emozionala.

Gaur egun, proiektua lehen faseetan dago. Taldea osatze-prozesuan dago, eta emakume boluntarioen sare hori josten hasteko lehen ekintzak hasi dira egiten.

 


Irakurtzen ari zarena interesatzen bazaizu eta informazio gehiago lortu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan helbide elektroniko honen bidez: berbizi@berbizi.org.