Joan den azaroaren 5ean, Zaintzaileen Nazioarteko Eguna izan zen eta ZAINTZEAk (Bilboko Udaleko Familia Zaintzaileei Laguntzeko Udal Zerbitzua, EDE Suspergintzak kudeatua) egun horretako protagonistekin ospatu nahi izan zuen, eta oso topaketa berezia antolatu zuen mendetasun-egoeran dauden senideak zaintzeko egindako lana aintzatesteko eta balioesteko.
Lan horrek eskatzen ditu denbora, ahalegina, dedikazioa, maitasuna eta gauza askori uko egitea ere, norberaren beharrak bigarren mailan utziz.
Horregatik, aurten, jardunaldiak ohiko gidoia aldatu zuen eta arreta jarri zuen denbora librean, aisialdirako uneetan, lagunekin partekatzearen garrantzian eta beste gizarte-harreman batzuetan ere. Hau da, nork bere burua zaintzearen eta atsedenerako eskubidearen garrantzian. Eta horregatik, zinema jardunaldi bat planteatu zen, areto handi batean film bat ikusten gozatu ahal izateko, lagunartean eta eguneroko arduretatik tarte batez deskonektatuz.
Bilboko alkateak, Karmengo (Indautxu) ekitaldi-aretoan egindako jardunaldiaren inaugurazio-ekitaldian, esker oneko hitzak eskaini zizkien bertan zeuden pertsonei: “Eskerrik asko zuen denboragatik, zuen dedikazioagatik, zuen pazientziagatik eta konpromisoagatik. Eskerrik asko une errazetan, baina, batez ere, une zailetan bertan egoteagatik. (…) Zaintzaileak zaintzen dituen gizartea gizatiarragoa, justuagoa eta kohesionatuagoa da”.

Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Chema Rodriguezek zuzendutako “Orgullo Vieja” dokumentala proiektatu zen. “Orgullo vieja” film dokumental dibertigarri eta, aldi berean, sakona da. Protagonista adineko emakume talde bat da, oso bizitza istorio desberdinekin. Horiek elkartu egiten dira, eta antzerkiaren bidez, besteak beste, edadismoaren aurrean ikusgarritasuna, errespetua eta adineko emakumeentzako rol aktiboa aldarrikatzen dituzte. Pelikula honek, gainera, harremanen garrantziaz hausnartzeaz, esperientziak partekatzeaz eta bizitzako etapa guztiez gozatzen jarraitzeaz pentsarazi zigun.
Pelikulak solasaldi bati eman zion bide, non proiekzioak iradokitakoaren inguruko hausnarketak partekatu ziren. Geroago, ospakizunak giro lasaian jarraitu zen, mokadu batekin eta berriketarako tartea eskainiz.
