11 Jul, 2022
Emaktiva Biran/Emaktiva itinerante estrategiaren barruan, udazkenetik aurrera Emaktiva Donostiako Ekialdeko Barrutiko auzoetan egongo da, Donostiako eremu horretako emakumeei laneratzen laguntzeko zerbitzu bat emateko.
Uztailaren 7an, lankidetza berri horren aurkezpen-ekitaldi bat izan zen. Maria Sol Garmendia Donostiako Garapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotziak ekitaldian parte hartu zuen, eta auzo horietako desenplegua eta, bereziki, emakumeen langabezia-egoera nabarmendu zituen. Hala, emakumeei zuzendutako laguntza- eta aktibazio-programak sustatzeko beharra berretsi zuen, eta horren harira, Emaktivarekin adostutako lankidetza azpimarratu zuen.
Reaktiva-T Distrito Este izeneko lankidetza hori Ekonomia Bultzatzeko DSS22 planaren barruan kokatzen da. Plan horren lehentasuna da emakumeei laguntzea, bereziki ahulenei, gizarte-kohesioa lortzeko.
Ekitaldian, halaber, Igone Virto Gipuzkoako EDE Fundazioko Enplegu Inklusiboko arduraduna izan zen, eta Emaktiva ereduaren ildoak, prozesuak biltzen dituen jarduerak eta programa nola garatuko den azaldu zituen. Horretaz gainera, Emaktivako emakume parte-hartzaile Jhorgina Castro ere izan zen. Gaur egun, fabrikako langile gisa ari da lanean Emaktivako enpresa kolaboratzaile batean, eta bere esperientzia kontatu zuen. Azkenik, beste emakume batzuk animatu zituen Emaktivan parte har dezaten.