23 Apr, 2025

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legeak bere aginduen artean ezartzen du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzorde bat sortzea, euskal botere publikoek arlo horretan lankidetzan jardun eta jarduerak koordinatu ditzaten.

Batzorde hori Emakunderi atxikita dago eta lehendakaria du buru. Sailarteko Talde Tekniko bat du, sail guztietako berdintasunerako administrazio-unitateek eta berdintasunerako administrazio-unitatea duten erakunde autonomoek osatua.

EDEren Berdintasun eta Indarkeria Matxistaren Alorretik talde horri laguntzen diogu sailen artean partekatutako hausnarketak bilatzen, bai eta sailen arteko eremu komunetan prozesuak sistematizatzen edo jorraketak egiten lagunduko duten tresnak eta mekanismoak garatzen ere.

Berdintasun-printzipioa araudian txertatzea, erakunde publikoetako teknikariak eta politikariak prestatzea edo plan sektorialetan eta estrategikoetan genero-ikuspegia benetan txertatzea ahalbidetuko duten jarraibideak sortzea dira, besteak beste, sailek partekatzen dituzten erronketako batzuk.

Gure azken lan-saioan, Talde honek urte hauetan izan duen ibilbide garrantzitsuari buruz hausnartu dugu, bai eta horren oinarri diren gakoei buruz ere: lankidetzaren balioa eta ikuspegi berriei buruzko hausnarketa bateratua; irizpide partekatuak sortzea; ezagutza trukatzea, etab. Aldi berean, erronka berriei heldu behar zaie: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen aldaketetara egokitzea sailetako politika publikoak; intersekzionalitatea bezalako ikuspegiak txertatzea, berdintasun-politika publikoetan ikuspegi praktiko batetik, besteak beste.

Horrelako taldeei laguntzeak esan nahi du EAEko Administrazio Orokorraren esparruan garatzen diren berdintasun-politika publikoak aurrera eramaten lagundu behar dela.