07 Feb, 2022

Hitzarmena

EDE Ezagutzak Emakunderi laguntza emango dio EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei arreta hobea emateko erakunde arteko III. Hitzarmena prestatzeko prozesuaren dinamizazioan. Hausnarketa kolektiboa egiteko prozesua jarriko dugu martxan. Biktimei arreta eskaintzeko sistemaren baitan dauden erakunde eta sistema ugariek hartuko dute parte bertan, eta egungo hitzarmena berrikustea eta etorkizunean erantzuna hobetzeko konpromisoak hartzea izango da horren helburua.

Zertarako eta zergatik proiektu hau? Zergatik da garrantzitsua?

Emakumeen aurkako indarkeria matxista giza eskubideen urraketa da, lehen mailako arazo soziala, eta botere-harreman desberdinen eta emakumeen aurkako bereizkeriaren adierazpena. Azken urteotan, emakumeen aurkako indarkeria matxistari hobeto aurre egiten saiatu gara, zenbait lege eta bestelako arau garatuz. Horiei esker, indarkeria mota hori prebenitzeko eta desagerrarazteko, biktimak babesteko eta indarkeria hori gauzatzen dutenak baztertzeko, zigortzeko eta haiekiko intolerantzia sustatzeko neurriak sustatu eta ezarri dira.

EAE mailako erakunde arteko koordinazioaren arlo zehatzean, bi esparru-hitzarmen hartu ditugu: “Etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen biktima diren emakumeei arreta emateko erakunde arteko I. Hitzarmena” sinatu zen 2001ean eta ondoren, 2009an, gaur egun indarrean den “Etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen biktima diren emakumeei arreta hobea emateko erakunde arteko II. Hitzarmena” sinatu zen. Erakunde arteko II. Hitzarmen hori sinatu zenetik aldaketa handiak izan dira bai araudi mailan, bai EAEko indarkeria matxistaren biktimen arretan egindako hobekuntzetan, eta epe laburrean aldaketa gehiago izatea aurrez ikusten da. Horixe da, hain zuzen ere, hitzarmena eguneratzeko abiatuko dugun lan-prozesu honen arrazoia.

Hitzarmenak esparru ugaritatik (osasuna, polizia, judiziala, soziala, hezkuntzakoa…) biktimari arreta ematean osotasuna handitzeko funtsezko tresnak dira, eta horrela, erantzunen kalitatea hobe daiteke. Horrexegatik dira garrantzitsuak Hitzarmen horiek.

20 urte
Prozesua
  • Prozesuaren lehen fasean txosten bat prestatu dugu. Bertan, orain sustatu nahi dugunaren aurretik egindako erakunde arteko lehen bi hitzarmenen ekarpenari balioa eman nahi diogu.