04 Jul, 2024

img-gris
Indarkeria politikoak eta terrorismoak gure gizartea eta bertan bizi garen herritarroi zuzenean eragin zigun hamarkada luzeetan. 2010.hamarkadaren inguruan, hainbat udalek, bereziki Gipuzkoan, errealitate horri erantzunez alderdi politiko guztien arteko elkarrizketa gune bat sortu izan dute memoria politikak definitzeko eta herrian, gertatutakoaren inguruan, azterketa kritiko bat egiteko.

Bakeola-EDE Fundazioak urte guzti hauetan udal ezberdinetako Mahai Politikoak erraztu ditu hausnarketa, formakuntza eta ekintza ezberdinak sustatuz (ikerketa, ekintza kulturalak, pedagogikoak, memoria lekuak, ea.): herrian gertatu diren Giza Eskubide urraketa ezberdinetara gerturatu, herriko biktimak aitortzeko bidea egin, herritarrei zuzenduriko sentsibilizazio ekintzak bideratu, e.a. Isiltasuna eta ahanzturaren aurrean, garrantzitsua baita gertatutakoa ezagutu eta zuzenean bizi izan dutenei hitzegiteko espazioa ematea eta belaunaldi berriei gertatutakoaren berri ematea.

Politikariez gain, herritarrekin ere horrelako espazioak ahalbidetzen ditugu bizi izandako esperientziak partekatzeko eta indarkeriak beraiengan izandako eraginaz jabetu eta elkarrekin ekimenak sustatzeko.

2023an ere, urteko plangintza adostu ondoren, hilabetero egiten genituen bilerak proposatuta ekimenak diseinatu eta garatzeko. Gipuzkoako 5 herritan mahai politikoak erraztu genituen eta 2 herritar foro. Bakoitzak bere bidea darrai, bakoitzak bere ikasketa eta zailtasunekin.

Baina ideia garrantzitsu bat dago oinarrian:  indarkeriaren eta terrorismoaren ondorioak ez daude gaindituta, eta landu ezean, errepikatzeko aukera dagoela.