01 Dec, 2025

Haur eta nerabeekin konpromisoa duten udalerriei lagundu eta aholkuak ematen dizkiegu. EDE Ezagutzak laguntza teknikoa eskaintzen die Haurren Hiri Lagunkoiak (CAI) aintzatetsitako udalei edo Unicefek emandako zigilu horretarako hautagaiei.

Bilboko Udalak Bilbo 2025eko haur eta nerabeen errealitateari buruzko III. Diagnostikoa egin du, 2026-2030 Planaren oinarria izango dena. Prozesu horretan, 8 eta 18 urte bitarteko hiriko barruti guztietako 1.680 haur eta nerabek parte hartu dute, eta Bilboko haurren eta nerabeen ongizate subjektibo eta bizi-kalitatearekin lotutako gaietan sakondu dute. Diagnostikoa ikuspegi integral batean oinarritu da, eta ongizatearekin, parte-hartzearekin, harreman sozialekin, osasunarekin, hezkuntzarekin, aisialdiarekin edo ingurune komunitarioarekin lotutako hainbat dimentsio jorratu dira. Diagnostiko berri horrek jarraipena eman dio 2017an eta 2021ean egindako lanari, eta haurrek hirian parte hartzeko ildo egonkor bat finkatu du.

2025ean, Bilboko Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluak ere partaidetza-prozesuak bultzatzen jarraitu du, udalaren partaidetza-aurrekontuei lotuta. Kontseiluak bultzatutako eta urtean zehar gauzatutako proposamenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: espazio publikoen hobekuntza, hiri-argiztapeneko jarduketak eta nerabeei berariaz zuzendutako aisialdiko jardueren antolaketa. Horrela, haurren eta nerabeen parte-hartzea indartu da hirian.

Zumarragako Udalak Haur eta Nerabeen Kontseiluaren dinamikari eutsi dio. 2025eko irailean ordezkarien adina handitu egin da, eta gaur egun Lehen Hezkuntzako 5. mailatik hasita DBHko 1. mailara arteko haurrek parte hartu dute.

Bestalde, eta CAI programaren dimentsio komunitarioa indartzeko, Kanpoko koordinazio-mahaia jarri dugu abian, Zumarragan haur eta nerabeekin lan egiten duten Udalaren, administrazioen eta gizarte-erakundeen arteko topaketa eta elkarrizketarako gune bat.