07 Feb, 2024
Haur, Nerabe eta Gazteen lantaldeak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarentzat egin ditu sei argitalpen horiek, Internet, aplikazioak eta sare sozialak behar bezala erabiltzeko laguntza eta orientazioa emateko. Gida horiek “Internet familian: erabilera segururako jarraibideak” izenburua dute eta gurasoei eta beste pertsona heldu batzuei zuzenduta daude.
Guztira, sei dira burutu diren gidak, adinaren arabererakoak alegia: 0-3 urtekoei dagokiena, 4-6 urtekoei dagokiena, 7-9 urtekoei dagokiena, 10-12 urtekoei dagokiena, 13-15 urtekoei dagokiena eta 16-18 urtekoei dagokiena.
Gida guztiek egitura bera dute: galderaz osatutako egitura da, familiek une jakin batean adingabeek Internetekin duten harremanari buruz egiten dituzten edo egin ditzaketen galderak. Galderak honako hauek dira:
- Nolakoak dira adin horretan? (dagokien garapenaren etaparen deskribapen laburra)
- Nola lagun diezaiekegu garatzen? (etapa honetan laguntzeko eman diezazkiekegun jarraibideen deskribapen laburra)
- Nola eragiten diete KHITek (komunikazio, harreman, eta informazioaren teknologia)?
– 0-3 urte bitartean, galderak pantailen erabilera-denborarekin erlazionatuta daude.
– 3-6 urteko galderak gurasoen kontrolarekin, eduki desegokietarako sarbidearekin edo gailuen erabilera-denborarekin lotuta daude.
– 7 urtetik 9ra, bideo-jokoen, youtuberren edo influencerren eta teknologia berriekiko adikzioaren inguruko galderak egiten dira.
– 10-12 urte bitartean, lehen mugikorraren, sare sozialen eta online pornografiaren kontsumoaren etorrera aztertzen da.
– 13-15 urteko galderek sare sozialen eta gailu informatikoen erabilera desegokiarekin, ziberbullyingarekin, sakelako telefonoaren bidezko komunikazio-aplikazioekin (whatsapp edo telegram) lotutako arriskuei heltzen diete, eta pornografiaren kontsumoa aztertzen jarraitzen da (adin horretan areagotu egiten baita).
– Azkenik, 16-18 urteko etapan, albiste faltsuak (Fake News), online erosketak, adimen artifiziala, eta esparru honetan gerta daitekeen genero-indarkeriari buruzko galderak egiten dira.
Gida bakoitzak, era berean, landutako edukiaren azken laburpen bat du, online joko batzuetarako estekak (adin bakoitzera egokituak, eduki didaktikoa eta prebentiboa dutenak, familian jolasteko eta teknologia berriak modu osasuntsu eta eraikitzailean integratzeko helburuarekin) eta adin-tarte bakoitzaren aurreko eta ondorengo gidetako edukien laburpena; izan ere, adingabeak, edozein adinetan daudela ere, tresnak erabiltzen edo beste adin-etapa bati dagozkion arrisku-egoerak bizitzen egon daitezke.
gidetan ematen diren jarraibideak eta aholkuak alde batera utzita, une oro, hazkuntzaren arduradunak diren pertsonak, adingabeek erabiltzen dituzten tresnak ezagutu eta erabiltzera ganimatzen ditugu. Horien erabilera ez egokiak bideratu ditzakeen arriskuak ulertzeko.
Izan ere, “arriskuak eta arazoak ez dira berriak. Betiko erronkak dira ingurune berri batean, eta hazkuntzaren arduradunok baliabide horietara (erabiltzen dituzten tresnak) hurbiltzea eta berorrek ulertzea ezinbestekoa da, adingabeak lagundu ahal izateko“.