02 Nov, 2025
2025ean ilusioz eta arduraz berritu dugu Iribar Egoitza-ko hezkuntza-proiektua garatzeko ardura, berriz ere Athletic Club-en egoitzako hezkuntza ibilbiderako laguntza aurrera eramateko lizitazioa eskuratu ondoren.
Berritze honek azken urteotan egindako lanaren aitortza dakar, baita egunero gazteekin lanean ari den hezitzaile taldearen konpromisoarena ere. Taldeak ahalegin handia egiten jarraitzen du egoiliarren garapen pertsonala, akademikoa eta soziala gertutik laguntzeko.
Proiektuaren helburua kirol-errendimendutik harago doa: gazteen ongizate integrala erdigunean jartzea, autonomia, elkarbizitza, errespetua eta erantzukizuna sustatuz. Horretarako, hezkuntza-ingurune segurua, hurbila eta kirolaren balioekin koherentea dena eraikitzen jarraitzen dugu.
Datozen denboraldiei begira, arreta berezia jarriko dugu kirolaren esparruko berdintasunean eta kirolaren erantzukizun sozialean. Kirola gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen dugu, inklusioa, konpromisoa, enpatia eta justizia soziala bezalako balioak sustatzeko gaitasuna duen tresna gisa, hain zuzen ere.
Erronka honi orain arteko motibazio berarekin helduko diogu: gazteak euren bizitzako etapa garrantzitsu batean bidelagun izatea eta, hezkuntzaren bidez, zelaitik barrura zein kanpora pertsona konprometituak eraikitzen laguntzea.

