23 Jun, 2024
Zer pentsatzen duzu “hondartza” esaten badizut? Otutzen zaizu toki zehatzen bat? Eta, hain zuzen, itsasbeherako hondarra zapaldu aurretik, begiak ixten badituzu eta aire gazia arnastuz gero, zer dakarkizu oroimenera gesalaren eta algen usainak? Niri behintzat, haurtzaro goiztiarrenarekin lotzen nau, hiru urte eskas nituenean.
Aplika diezaiogun formula hori zure lantokiari. Zer pentsatzen duzu “EDE” badiotsut? Eta kontzeptu batera eroanez gero… Zer gogoratzen dizu, adibidez, “konfiantza” hitzak? Irudiren bat datorkizu? Pertsona jakinen bat? Oroi bat?
Pertsona bakoitzak esperientzia ororen bizipen ezberdin bat dugu, dela leku bat, dela soinu bat, usain bat, ukimen, gustu edo idatzitako hitz bat. Bizipen hori lehenbiziko inpresioek sortutako “fotogramak” baldintzatzen du. Areago, nekez ikasten da irakatsia dena, bizi izandakoa baizik edo, nolanahi ere, Freirek esango lukeenez, testuinguruarekin kritikoki kontrastatzen dena.
Oinarri horren gainean, 2023ko udazkenean eta 2024ko udaberrian, barne-komunikazioko prozesu aitzindari bati ekin genion Derioko Nekazaritza Eskolan. Beste edozein erakunde izan zitekeen, izan ere, Eskolaren arrazoiak antzekoak dira giza talde guztietan: objektu beraren inguruko begirada eta proiekzio desberdinen arteko tentsioa. Besteetan ez bezala, ordea, erakunde horretako ia langile orok, zuzendaritzatik hasita, norbere “argazki-karreteak” partekatzeko adorea izan zuen, zentroaren eta horren barne-harremanen irudi komun eta erreala osatu ahal izateko.
Banan-banan, hogeita hamar bat pertsona izan ziren entzunda. Entzute bakoitzak “argazki-sorta” bana erakutsi zuen. Erakunde berbera eta hogeita hamar album desberdin. Eta argazki guztiekin, bat ere baztertu gabe, ikuspegi den-denak mihiztaturik, arruntenetatik eszentrikoenetaraino, irudi komun bat osatu genuen.
Ondoriozko irudia hiru eszenako storyboard batean zetzan: amaieratik hasita, desiratutako erakundea, asmo kolektiboa; hasieraraino jauzita, “errealitate gordina” bere problematikekin; eta, mutur bien erdian, arazoak iraultzen eta konponbiderako urrats zehatz bihurtzen dituen bilbea.

