01 Nov, 2025
Proiektu pilotu honen helburu nagusia da osasun-zerbitzuen, gizarte-baliabideen eta komunitatearen beraren arteko koordinazioa indartzea, udalerriko bizilagunen arreta integrala eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Galdakaon proiektu berri bati ekin diogu: “Konexio Komunitarioko Zerbitzua”. Udalerriko Foro Soziosanitarioa koordinatu eta kudeatzeko ekimena da. Gune hau Udaleko gizarte-ekintzako arloak bere estrategiaren barruko lanetik sortu da, elkarrizketa eta koordinazioa bideratzeko. Bertan, erakundeek, profesionalek, eta herritarrek informazioa partekatu ahal izango dute, bai eta beharrak detektatu eta herritarren gizarte- eta osasun-erronka premiazkoenei erantzuteko prebentzio-ekintzak planifikatu ere.
Testuinguru horretan, “Konektore Komunitarioaren” figurak funtsezko zeregina dauka eragile komunitarioen, herritarren eta zerbitzu publikoen arteko lotura gisa, bereziki osasun-, gizarte- eta komunitate-esparruen artekoa. Bere lana parte-hartze soziala sustatzea, laguntza-sareak bultzatzea eta pertsonen arteko loturak sortzen laguntzea izango da, komunitate kohesionatuagoa, parte-hartzaileagoa eta erresilienteagoa eraikitzen laguntzeko.


