21 Apr, 2026

Lagundu ahal digu zinemak adinari buruzko estereotipoak apurtzen? Hori da EDE Fundazioak, Tú & Yo Producciones eta Silver Revolution Elkarte Kulturalarekin lankidetzan antolatutako Silver Film Festival jaialdiaren laugarren edizioaren galdera. Apirilaren 20tik 24ra abiatu da Bilbon, “Maitasuna eta Sexua (adinik gabe)” lelopean, eta intimitateari, harremanei eta heldutasuneko plazerari buruzko zinema, hausnarketa eta eztabaida bilduko ditu.

Atzo, apirilak 20, Arriaga Antzokian inauguratu zen jaialdia, Ángel Mirouk eta Pako Revuellasek berariaz diseinatutako proposamen eszeniko batekin. Irekierak edizio honen haria markatu du, eta hasiera-hasieratik desira, afektua edo intimitatea bezalako gaietan adinari ezarritako muga sozialak zalantzan jartzeko gonbitea luzatu zaio publikoari.

Galaren une nabarmenetako bat Elena Irureta aktoreari emandako Silver Saria 2026 izan da, bere ibilbidea eta egungo ikus-entzunezkoen panoraman egindako ekarpena aitortzeko. Inaugurazio eguna, Víctor Cruz eta Alejandro Vagnenkos zuzendarien Dorados 50 filmaren estreinaldiarekin amaitu da, eta horrela zinema hausnarketa sozialerako tresna bihurturik hasiera eman zaio hainbat egunetako programazioari. Alde horretatik, aurreiritziak baztertzeko eta adinekoek beren emozioak, harremanak eta nahiak bete-betean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko beharra azpimarratu nahi izan du jaialdiak.

Jaialdian zehar, ikusleek Maspalomas, Mi amiga Eva, 80 egunean edo El placer es mío filmez gozatu ahal izango dute,  baI eta ondoren antolatu diren solasaldietan eta elkarrizketetan parte hartu ere. Proiekzioak hiriko hainbat espazio enblematikotan izango dira, hala nola Guggenheim Museoan, BBK Aretoan eta Zabalguneko Eraikinean.

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren laguntzarekin, Silver Film Festivalek ezinbesteko foro izaten jarraitzen du, bai Euskadin, bai Euskaditik kanpo, eta agerian uzten du zinemak gizarte-aldaketaren eragile eta zahartzeari buruzko narratiba berrien sortzaile gisa duen eginkizuna.