EDE Fundazioak BIRTUOSS proiektuan lagundu du, hiri-berroneratzearen ereduan gizarte-ikuspegia txertatuz eta sendotuz, pertsonak, haien parte-hartzea, beharrak eta auzoen kohesioa prozesu horien erdigunean jarriz.
2019an, Euskadik hiri-berroneratze eredu bat jarri zuen abian, beren eraikuntza- eta gizarte-zaurgarritasunagatik identifikatutako auzo pilotu batzuetan auzo-komunitateei etxebizitzak birgaitzen laguntzeko Opengela izeneko hurbileko bulegoak irekiz. Ekimenaren arrakasta ikusita, proiektuko bazkideek esku-hartze kopurua handitzen jarraitzea erabaki zuten. Hala, 2023tik 2026ra bitartean, Europako LIFE programaren finantzaketari esker, eredua BIRTUOSS proiektuaren bidez garatu ahal izan da.
Ekimena ideia sinple batetik abiatzen da: auzoak hobetzea ez da soilik eraikinak birgaitzea, baizik eta bertan bizi diren pertsonei laguntzea. Ikuspegi hori leihatila bakarraren kontzeptuan oinarritzen da (“one stop shop” edo OSS ingelesez). Kontzeptu horrek espazio bakar batean biltzen ditu biztanleek horrelako obrak aurrera ateratzeko behar dituzten aholkularitza teknikoa, finantzaketarako sarbidea eta laguntza pertsonalizatua. Horregatik, hurbileko bulegoek auzokideei eta etxejabe komunitateei birgaitze-prozesu osoan zehar eskaintzen diete laguntza.
BIRTUOSSek eredu hori zabaldu eta Opengela bulego-sare oso bat sortzea ahalbidetu du. Bulego horiek bizilagunentzako erreferentzia-puntu gisa jarduten dute, eta biztanleen, udalen, lantalde teknikoen eta obretan parte hartzen duten beste eragile batzuen arteko harremana errazten dute. Teknikotasunagatik, baina baita erabaki kolektibo asko hartu behar direlako (jabekideen batzarrak) eta ahalegin ekonomiko handia suposatzen duelako ere konplexua izan daitekeen prozesu bat errazago egitea dute helburu.
Esperientziak auzo bakoitzak behar desberdinak dituela erakutsi du, eta, horregatik, bulegoen lan egiteko modua errealitate bakoitzera egokitzearen aldeko apustua egin du BIRTUOSSek (profil profesionalak, gobernantza-eredua, etab.), betiere administrazioen eta talde espezializatuen arteko lankidetza estua mantenduz.
Udalekiko lankidetza estuari esker, BIRTUOSSek auzo-ikuspegia integratu ahal izan du eta etxebizitza eraikinetatik harago esku hartu ahal izan du, auzoetako espazio publikoen irisgarritasuna eta kalitatea ere hobetuz. Ikuspegi horrek baliabide publikoak hobeto aprobetxatzea eta pertsona gehiagorengana iristea ahalbidetu du.
BIRTUOSS 2026ko abuztuaren 31n iritsi da amaierara, eta emaitza azpimarragarriekin itxida.
- Proiektuak iraun duen hiru urteetan, eredua lurralde osora zabaldu da. Gaur egun, Euskadik 28 auzotan lan egiten duten 25 Opengela bulegoko sarea du.
- Opengelen jardunari esker, 175.980.000 €ko inbertsioa mobilizatu eta 2.125 etxebizitza birgaitu ahal izan dira, eta horrek 4.888 pertsonari egin die zuzenean mesede.
- Fatxadak, teilatuak eta arotzeriak birgaitzeak urtean 25.480 MWh energia aurreztea ahalbidetu du. Beraz, urtean 4.924 tona CO2 isurtzea saihesten da.
EDE Fundazioak proiektuari egin dion ekarpena, batez ere, hiria berroneratzeko ereduan ikuspegi soziala txertatu eta sendotzea izan da, arreta pertsonengan, beren parte-hartzean, beharrizanetan eta auzoaren kohesioan jarriz.
BIRTUOSS proiektuarekin lotutako albiste eta jarduera gehiago
– Opengela, proyecto para para integrar aspectos sociales en la regeneración de los barrios
– Encuentro de las oficinas Opengela en EDE
Erakunde mailako zein sektore pribatuko 14 bazkidek, fundazio, kluster eta Europako erakundek parte hartu dute proiektuan: Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritza; Energiaren Euskal Erakundea (EEE); Bilboko Udal Etxebizitzak (VVMM); Ingurumen (Aclima), Eraikuntza (Eraikune) eta Ezagutza eta Teknologia (GAIA) klusterrak; EHUko CAVIAR ikerketa-taldea; EDE Fundazioa; Cíclica; GNE Finance; Gabineteseis; Zabala Innovation; Fedarene; Green Building Council España.


