14 Jul, 2026
Euskadiko 28 auzo zaurgarritan jabeei arreta ematen dieten eta haien etxebizitzen birgaitze energetikorako eta irisgarritasunerako prozesuan laguntzen dieten hurbileko bulegoak EDE eraikinean bildu dira 2026ko uztailaren 9an, esperientziak partekatzeko eta etapa baten amaiera adierazteko.
Topaketak Opengela bulegoetako 28 langile eta proiektuaren bazkide eta sustatzaile diren erakundeetako 17 pertsona bildu ditu. Ana Telleria Auzoen Berroneratze eta Hiri Agendaren zuzendariak eman dio hasiera topaketari. Ondoren, CAVIAR (EHU) ikerketa-taldeak bulego-sareari buruz egindako azterketaren emaitzak aurkeztu ditu, eta, jarraian, eztabaidarako eta hausnarketarako denbora eman da talde txikietan. Topaketari amaiera emateko, mahai ezberdinetan jasotako bizipenak eta hausnarketak partekatu dira.
Goizeko bigarren zatian, proiektuko bazkideak eta erakundeetako ordezkariak Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuarekin bildu dira, eta bertan, Opengela eredua zabaltzeko eta Euskadiko hiri-berroneratzea indartzeko bi laguntza-ildo berri iragarri dituzte.
Ekitaldia Guruzu Jatetxeko taldeak prestatutako aperitibo batekin amaitu da.
EDE Fundazioa bazkidea den LIFE22-CET-BIRTUOSS proiektu europarrak aukera eman du eredu hori sendotzeko, eta auzoetako hiri-berroneratze proiektuetan auzotarrei arreta eta laguntza emateko. Hiru urteko iraupena izan duen proiektuaren esparruan, 21 hurbileko bulego ireki dira (hasieran aurreikusitako hamar bulegoen bikoitza baino gehiago), eta bulego-saretik garatutako jarduketei esker, 2.125 etxebizitza birgaitu dira, eta horrek 4.888 pertsonari egin die mesede zuzenean.


