Albisteak
Etorkizuna Eraikiz Think Tank ekimenaren barruan gizarte-politiken etorkizuna jorratuko duen lantaldeak esperimentazio-politiken bidez eta herritarrekin lankidetzan jardungo du. Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri du Think Tank bat “ezagutza transferigarriaren eta aplikagarriaren kogeneraziorako”, erakundearen politikei lotutako lau arlo “estrategikotan”, Gipuzkoan “agenda berri bat” sartzeko asmoz arlo hauetan: kultura politiko berria, etorkizuneko lana, susperraldi berdea, eta etorkizuneko ongizate sistema.

 

Lantaldearen buru izango da Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatu Maite Peñak, eta gizarte arloko profesionalek eta Foru Aldundiko langileek osatzen dute lantaldea. Iker Uson, EDE Fundazioaren Gipuzkoako koordinatzailea, talde horretako kide izango da, Gipuzkoako gizarte-sareko beste ordezkari batzuekin batera: Gari Agote (Donostiako Udala), Rakel San Sebastian (Adinberri), Felix Arrieta (Deustuko Unibertsitatea), Bakarne Etxeberria (Deustuko Unibertsitatea), Mikel Malcorra (Elkartu), Gerardo Amunarriz (Matia Fundazioa), Joseba Zalakain (SIIS), Maria Muñoz (Goyeneche Fundazioa), Javi Sancho (Emaús), Josu Gago (Zabalduz), Koldo Aulestia (Afagi), Iñigo Kortabitarte (OK en Casa), Julian Florez (Vicomtech), Adriana Martínez Sanz (APTES), Andoni Zulaika (Beterri Buruntza) eta Lucia Martínez (Eusko Ikaskuntza).

Lantaldea hilean behin bilduko da presentzialki, eta Markel Olanok azaldu duenez, “gizarte politiken arloan etorkizun berriak aurreratzen” saiatuko dira, bitarteko gisa hartuta “hausnarketa eta esperimentazio aktiboa”; horrela, herritarrek eskatzen dituzten gai eta beharren inguruan eraldatzeko gaitasuna duten proiektuak bultzatuko dira, hala nola iraupen luzeko zainketak, nahi gabeko bakardadea eta gizarteratzea, besteak beste.

Gai horien esparruan, hasiera batean, balantze partekatu bat egingo da COVID-19aren krisiak gizarte politiketan izandako inpaktuari buruz, eta oinarri horrekin, esperimentazioen agenda bat diseinatzen hasiko da alderdi hauen inguruan, besteak beste: egoitza-arretako eredu berri bat, bizitza independentearen sustapena, nahi gabeko bakardadearen prebentzioa eta detekzioa, eta gizarte inklusioa enplegagarritasunaren bitartez.

Olanok gaineratu duenez, pandemiak arazo “konplexuagoen eta interkonektatuen” aurrean “ziurgabetasunak” areagotzea ekarri du. “Guztiok egiten ditugun galderen aurrean erantzunak eraiki nahi ditugu. Eta modu komunitarioan egin nahi dugu. Elkarlanaren bidez gure ongizate eredua aztertzen saiatuko gara, orain arte bezala pertsona guztien osasuna eta ongizatea bermatzen jarrai dezagun”, planteatu du.

Datozen hilabeteetan sortzen diren aurrerapenak, esperientziak eta ezagutzak txosten batean jasoko dira, zeinak aztergai izango dituen ongizate-estatuaren etorkizunak. Agiri hori burutuko duen lan prozesuan zehar, zehaztu du diputatuak, “Gipuzkoako gizarte politikak birformulatuko dira; trantsizio agendak bultzatuko dira, aliantza publiko-pribatuen bitartez; eta ikusgai jarriko dira hasitako proiektu esperimentalak”. Gainera, adierazi du, ebaluazio sistema bat sortuko da “esperimentazioak gizarte politiken diseinuarekin lotzeko”. Beraz, esperimentazio aktiboaren bidez eta elkarlaneko gobernantza baten bidez, Gipuzkoako gizarte politikak iragango dira etorkizuneko ongizate-estatu horretarantz, “parte-hartzaileagoa, esperimentalagoa, berritzaileagoa eta erantzuleagoa”.