Denbora bat daramagu Kiribil Sareako erakundeei haurrak babesteko politikak garatzen laguntzen, eta kasu honetan Harribidek Etxebarrin bestelako lan-prozesu bat egiteko eskatu zigun, interesgarria bezain berritzailea iruditu zitzaiguna, eta horretan hasi ginen lanean.
Udalerriak laguntza ekonomikoa eman zuen prozesua abiatu ahal izateko, eta hiru pertsonako talde eragile bat sortu ahal izan genuen (bi Etxebarrikoak eta bat EDE Fundaziokoa), baita lan-espazio bat ere, udalerriko gizarte- eta hezkuntza-eragileak parte hartzera gonbidatzeko. Ludoteka, Gaztegune, eskolako eta institutuko IGEak, kirol taldeak (futbola, eskubaloia, igeriketa sinkronizatua…), udal kiroldegiko arduradunak, dantza elkarteak… Parte hartzera animatu ziren agenteetako batzuk dira.
Ikasturte osoan zehar, prestakuntzarako, hausnarketarako eta kontrasterako espazioak eskaini ditugu. Bertan, herriko haurrak babesteko protokolo propioa egin ahal izan dute. Eta emandako baliabideekin ahaldunduz joan dira, inguruko gainerako eragileak kontzientziatu ahal izateko.

Lan-saioetan 15 pertsonak hartu dute parte, eta orain babes-delegatuen funtzioak betetzen dituzte udal-elkarte edo -zerbitzuetan. Sarean lan egin eta koordinatu beharra badagoela ikusi dute, Etxebarri osoa espazio segurua izan dadin bertan bizi diren haur eta nerabeentzat.
Hori dela eta, orain Tratu on Etxebarri gisa eratu dira, eta aldian-aldian biltzen dira, lantzen ari diren lan-ildoak kontrastatzeko eta planifikatzeko.
Erreferentziazko protokolo tipo bat dute, eta beste erakundeak pixkanaka batu egin dira. Eta Etxebarrin gizarte eta hezkuntza arloan lan egiten duten pertsona guztiak prestatzen ari dira.
Lehen ekintzen artean, prozesu hori Etxebarriko gainerako eragile eta kolektiboekin partekatzea dago, bat egitera eta koordinatzera gonbidatuz eta prestakuntza-espazioak erraztuz, haurren babesaren eta tratu onaren aldeko apustua egin dezaten.
Proiektu horretan funtsezkoa izan da garapen komunitarioaren aldeko apustua, eta gure TRATU ON beste udalerri batzuetan ezarri ahal izatea espero dugu.