EDE Fundazioan 20 urte baino gehiago daramatzagu euskararen erabilera bultzatzen. Lagun askoren gogoari esker, gaur egun euskararen presentzia esanguratsua da gure eguneroko lanean. Horrenbestez, Euskara Batzordetik 20 urte oparo hauek aintzatetsi eta ospatu ditugu. Asmo horrekin, 2022. urtean zenbait ekintza prestatu genituen: ekainean ekitaldi instituzionala izan zen, EAEko Administrazioekin eta Hirugarren Sektoreko entitateekin, eta urrian ekitaldi bat egin genuen entitateko langileontzat, ibilbide honetan parte hartu duten pertsona guztien lana aitortzeko eta festa batekin ospatzeko!
Lorpen horren iturburuaren bila abiatu ginen. Bilaketa horretan, trapu zaharrak eta zenbait altxor ere aurkitu genituen. Antzinako dokumentuen artean ikusi genuen Euskara Batzordearen lehen bilera 2003ko ekainaren 10ean egin zela. Egun horretako aktan, bilerara deitutako eta bertaratutako pertsonak eta haien ekarpenak daude jasota. Haien esaldien artean, bi azpimarratuko genituzke: “Euskara Batzordea aurkezteko bilera egin dugu, Jainkoa eta eguraldia lagun”; eta “Euskara Batzordea,… Euskara Planaren barruko motorea da”.
Beraz, badakigu “ofizialki” lehen pausuak noiz eman ziren baina aurretiaz egindako lan guztia gogoraraztea ere komeni da. Gaur egungo lorpenen oinarriak izan ziren lehen euskara eskolak, euskaraz emandako monitore ikastaroak, lehen itzulpenen bultzada, entitatean euskararen sustapenari buruzko lehen sentsibilizazio izpiak, lehen diagnosia, eta abar.
Oinarri horietatik, EDE Fundazioan euskararen aldeko ibilbide luze eta sendoa egin dugu. Bide horren zedarriak honakoak dira, besteak beste: Hirugarren Sektore Sozialaren Hiztegi Teknikoa, ‘Bikain’ ziurtagirien erdiespena, Hizkuntza-politika liburuxka, Hizkuntza-Irizpideen zehazpena, Euskara eskolen eta trebakuntza ikastaroen antolaketa, euskararen presentzia eta erabileraren areagotzeko hamaika kanpaina… Gaur egun, langileen %60 bere lana euskaraz egiteko gai da.
Eta ibilbide luze horri eusteko motorra Euskara Batzordea da, eta horren baitan pertsona askoren lan eta konpromisoa ezinbestekoak izan dira. Hortaz, lerro hauetatik aipamen berezia, sendoa egin nahi diegu den-denei. Eskerrik beroenak bide honetan parte hartu duzuen guztioi. Zuen ahalegin eta indarrari esker posible izan da honarte heltzea.