Irantzu Aurrekoetxea – EDE Ezagutza

Inork ez zuen uste horrelako egoeran egongo ginenik eta are gutxiago Covid-19 koronabirusaren pandemia mundu mailan eragiten ari den ondorioekin. Krisia inpaktu handia ari da eragiten, bai hildakoen eta kutsatuen kopuruarengatik, bai milioika pertsonaren, haurrak eta nerabeak barne, bizitza-baldintzetan izaten ari den eta izango dituen ondorioengatik.

Egoera ahalik eta ondoen kudeatzen ari garen arren, haurren eta gazteen arloko hainbat erakundek uste dugu hartu diren zenbait neurrik ez dituztela kontuan hartu haurren eskubideak eta beharrak, batez ere, haur zaurgarrienei dagokienez. Zehazki, helduek orain entzun beharko genituzke gehien haurren beharrak, eta horietan jarri beharko genuke arreta, haurren eta nerabeen eskubideak batera bermatzea ahalbidetzen duten neurri zehatzak eta sortzaileak hartuz

Heinke Freire pedagogo eta ikerlariak honako hau adierazi du: “beren haurrez hitz egiten ez duen eta horiek zaintzeko antolatzen ez den gizartea ez da gizarte gizatiarra”. Orain da pertsonek eta erakundeek egoera honi aurre egiteko duten gaitasuna erakusteko garaia. Hori dela eta, Espainiako Psikologia Kontseilu Nagusiak aipatu duen moduan, uneotan beharrezkoa da “haurrak eta nerabeak gehiago bistaratzea, beren behar ebolutiboei, emozionalei eta psikologikoei arreta ematearen garrantzia gailenduz eta azpimarratuz”. Horretarako, beharrezkoa da honelako eremuak sortzea: haurren proposamenak entzutea eta pandemiari buruzko erabakiak hartzeko prozesuetan txertatzea. Haurrek eta nerabeek bizi dugun egoerari erantzuna emateko hartzen diren erabakietan parte hartzen dutela sentitu behar dute.

Nazio Batuetako Haurren Eskubideen Batzordeak kezka handia azaldu du haur zaurgarrien egoeraren inguruan, batez ere, derrigorrezko konfinamendu-neurriak edo larrialdi-egoerak hartu diren herrialdeetan. Zehazki, Batzordeak, beste batzuen artean, gomendio hauek egin ditu:

  • Batzordeak aitortu du larrialdi-egoeretan balitekeela zenbait eskubide mugatzea, betiere, osasun publikoa babeste aldera, baina gogoratu du muga horiek proportzionalak, gutxienekoak eta denboran mugatuak izan behar dutela.
  • Irtenbide sortzaileak eta alternatiboak hartzea gomendatzen da haurrei atsedenerako, aisialdirako, jolaserako, eta jarduera kultural eta artistikoetarako eskubidea bermatzeko.
  • Beharrezkoa da bermatzea on line bidezko hezkuntzak ez dituela lehendik dauden desberdintasunak handitzen. Ikaskuntzak erronkak planteatzen ditu mugak dituzten edo teknologiarako edo Interneterako sarbiderik ez duten haurrentzat, baita gurasoen babes egokirik ez duten haurrentzat ere.
  • Larrialdi-egoeran elikadura ona bermatzeko berehalako neurriak ezartzea; izan ere, haur askok eskolaren bidez soilik jasotzen dute otordu nutritibo bakarra.
  • Haurrek babesteko sistemaren oinarrizko zerbitzuak oinarrizko gisa definitzea eta martxan jarraitzen dutela bermatzea.
  • Pandemiak eragindako ezohiko egoera dela eta, zaurgarritasun are handiagoa duten haurrak babestea. Horiek hauek biltzen dituzte: desgaitasuna duten haurrak; txirotasun-egoeran bizi diren haurrak; kalean bizi direnak; migratzaileak, babeslekua behar dutenak, errefuxiatuak eta barne-lekualdatuak; gutxiengoak, osasun-arazoak dituztenak; askatasuna galdu duten haurrak eta erakundeetan bizi direnak.
  • COVID-19 koronabirusaren eta infekzioa saihesteko moduen inguruko informazio zehatza zabaltzea, haur guztientzako egokiak eta irisgarriak izango diren hizkuntzan eta formatuetan.

Antonio Luengo psikologoak eta Hezkuntza eta Osasun Psikologian aditua denak adierazi duen moduan, “konfinamenduak ibilbide luzea du, gogorra da pertsona guztientzat eta haurrak sufrimendu horretan sartzen dira. Epidemia honetan beren esperientzia hobetzea gizarte osoaren betebeharra da”.

Larrialdi-egoera honetan, gobernuek larrialdiko erabakiak hartu behar izan dituzte hainbat gai sozialetan, hezkuntza arlokoetan eta lanarekin lotuta. Eta neurri horien ondorioek eragiten jarraituko dute hau guztia amaitu ondoren ere. Hori dela eta, gizarteak behar eta eskatzen duenarekin bat datozela bermatu behar dugu; izan ere, porrota litzateke COVID-19 koronabirusak eragindako krisia erlazionatzeko eta gizarte gisa aurrera egiteko modua hobetzeko ez aprobetxatzea, inor atzean geratu ez dadin. Aldaketa-egunak dira, pentsatzeko aukera dugu, lehengo paradigmak alde batera utzi, modu kolektiboan antolatu eta elkarbizitzarako modu berriak martxan jartzeko abagunea da, haurren ikuspegia ezinbestean txertatuz.