Begiradak
EDE Suspergintzako Emakumearen arloan esku hartzen duten zerbitzu eta programa Taldea
Indarkeriaren eraginpean dauden emakumeen eta seme-alaben egungo errealitatearen isla

 

Intentsitate maila hau indarkeriarekin batera bizi behar izateak eguneroko mugimenduen eta ohituren kontrol faltsua eragiten du. Azken finean, emakumeentzat askatasun mailak murriztea, muga pertsonalak jartzeko zailtasuna, esanekotasun-jokabideetara itzultzea, gatazkak saihestea eta abar esan nahi du. Hau da, babesteko tresnak ugaritzea, baina era berean, etxean isolamendu eta bakartasun handiagoarekin. Azken batean, bizikidetza gogortu egiten da, eta tratu txarra eraldatu.

Erasotzailearekin lotura fisiko, emozional eta/edo ekonomikoa dagoen bitartean, errealitatea are gehiago itxuralda daiteke: konfinamendurako borondatezko gonbidapenak, harremanera itzultzeko zalantzak edo are zailtasun handiagoa haustura eta/edo dibortzio aukeraren aurrean. Nahasmen emozional handiko etapa da; izan ere, emakumeak “eztei bidaian” (gerturatze erromantiko berriak, babes- eta disponibilitate-erakustaldiak, aldatzeko itxaropenak…) egoten dira jasan ohi duten indarkeria-zikloaren baitan. Horri gehitu behar zaio, orokorrean, emakumeak animoz baxuago egoten direla, oinarrizko errutinetan aldaketak izaten direla –loa, elikadura…– eta abusuzko kontsumoak izan daitezkeela (alkohola, azukrea…) eta horrek guztiak kaltea egiten die maila kognitiboan, fisikoan eta emozionalean. Horrek guztiak eragin handiagoa du buruko osasun-nahasmenduak dituzten emakumeengan eta/edo adineko emakumeengan. Osasun-alerta egoera honetan, adierazgarria da kutsatzearekiko beldurra, erasotzaile batzuek segurtasun-neurriak ez baitituzte betetzen: beharrezkoak ez diren eta kontrolatu gabe dauden irteerak egiten dituzte, bizikidetza-unitatearen osasuna arriskuan jarriz.

Kanporanzko komunikazioa beharrezko oxigenazioa da, baita kalera irteera funtzional txikiak egin ahal izatea ere, eta ez dute denek beti aukera hori izaten. Gizarte eta familia aldetik babes-sare egokia izatearen garrantzia ere handitu egiten da, ongizatea, lasaitasuna eta entretenimendua ematen zizkieten kanpoko estimulu eta espazio positiboetatik urrundutako etapa honi aurre egiteko. Lan arloari eta arlo ekonomikoari dagokionez, ez da aldentzen gaur egun dugun errealitate sozialetik (enplegu-galera, ABEEak..), baina astungarri batekin: haien txirotzea betikotu egiten da eta kontziliaziorik ez izateak familiako funtzionamendua kaltetzen du, lehendik ere lanari lotutako gehiegizko karga, karga ekonomikoa eta etxeko karga ere bazituzten-eta. Askotan, laguntza sozialak eta laguntza asistentziala ezinbestekoak bihurtzen dira egunerokotasuna gainditzeko.

Testuinguru judizialari dagokionez, bisita-erregimenen eta zaintza-txandakatzeen betetze mailari dagokion araudiaren hasierako desoreka nabarmendu behar da, ziurgabetasun egoera horiek aprobetxatu dituzte aita erasotzaileek presioa eta beldurra eragiteko. Neurri zibilean egokitzapen eta negoziazio hori gurasoen arteko akordio bidez egitea gomendatu dute erakundeek. Horrek bi alderdien arteko gatazka elikatzen jarraitzen du eta lehendik ere bazegoen tratu txar psikologikoari jarraipena ematen dio. Ez da ahaztu behar zaintza partekatua dagoen kasu guztietan horren eragina are handiagoa dela. Prozesu judizial zibilak eta penalak geldiarazteak parentesia sortu du ezarri beharreko neurriei dagokienez, eta familia-egoera ugari konpondu gabe utzi ditu. Salaketei dagokienez, ez dirudi igoera adierazgarria gertatu denik, baina konfinamendua amaitzean eta emakumeek autonomia berreskuratzen dutenean asko eta asko izango direla aurrez ikusi da. Laburbilduz, Epaitegietan atzerapen eta kolapso handia gertatuko da, eta horrek eragin nabarmena izango du haustura-prozesuetan eta tratu txarren egoeratik ateratzeko prozesuetan. Gainera, kaleetan eta lekualdaketetan poliziaren presentzia handiagoa izateak elkarrekin bizi ez diren erasotzaileen jazarpen-saiakeretan eta gerturatzeko debekuak haustean disuasio-eragina du; hala, aldi baterako eten dira eraso mota horiek; beraz, nahitaezko urruntzea mantendu da, eta horrek nolabaiteko segurtasuna eta lasaitasuna ematen dio emakumeari.

Garrantzitsua da nabarmentzea egungo testuinguruak positibismorako eta aukerarako atea ere zabaldu duela. Eguneroko erritmo zoroa moteltzeak aukera eskaini du hausnarketa pertsonala egiteko espazioa eta denbora hartzeko, bizipenak oxigenatzeko, eta uneko arintze emozionala izateko, eta noski, lotura handiagoko haziera egiteko. Alderdi horiek guztiek emakumeen eta seme-alaben berreskuratzean kontuan hartu behar dira, beraz, garrantzitsua da bizi-bultzada hori eta ezkutuan dagoen erresilientzia aprobetxatzea esku-hartze sozioedukatiboan.