28 Feb, 2024

nazioartekoa_ ia_jardunaldia
Otsailaren 23an, EUROPE DIRECT BIZKAIAk, EUROBASQUErekin elkarlanean, Adimen Artifizialeko (AA) lehen Araudiari buruzko jardunaldia antolatu zuen. Lege horren jatorria AArako EBko lehen esparru arautzailea sortzeko asmoz 2021ean Europako Batzordeak egindako proposamenean dago.

Bi helburu argi ditu legeak:

  • Europar Batasunean erabiltzen diren eta Europako merkatuan sartutako Adimen Artifizialeko sistemak seguruak direla eta herritarren eskubideak errespetatzen dituztela bermatzea.
  • Europan AA arloko berrikuntza eta inbertsioa sustatzea. Akordioak xedatutakoaren arabera, Adimen Artifizialeko Araudia indarrean sartu eta bi urtera aplikatu beharko da.

Nabarmendu beharrekoa da hauxe dela mundu osoan Adimen Artifizialarekin lotuta egin den lehen legegintzako proposamena. Ondorioz, AA beste jurisdikzio batzuetan arautzeko garaian mundu mailako erreferente bihur daiteke. Legeak AA bere arriskuen arabera arautuko du. Zenbat eta handiagoa arriskua, orduan eta zorrotzagoak izango dira arauak.

Harrera egin eta ongietorriko kafea hartzeko tartearen ondoren, Irune Zuloagak, EuroBasqueko presidenteak, eta Itziar Fernándezek, EUROPE DIRECT Bizkaiko arduradunak, ireki zuten jardunaldia.

Igor Filibi López, EHUn Nazioarteko Harremanetarako irakaslea eta EuroBasqueko idazkari nagusia arduratu zen jardunaldiaren gaia bere testuingururen arabera kokatzen. Horretarako, hitzaldi hau eskaini zuen: “AA-REN EUROPAKO LEGEA: ARAUDI AITZINDARI BATEN MUNDU MAILAKO ANBIZIOA”. Hala, hitzaldian, lehenengo araudia erregulatzearen garrantzia azpimarratu zuen. “Europa da mundu mailako hiperpotentzia diplomatikoa. Europan, aniztasuna ezinbestekoa da eta bere DNA negoziatzaileari atxikita dago”. Halaber, adierazi zuen Europa eta haren erakundeak eztabaida oso konplexuak erregulatzeko eta kudeatzeko superpotentzia direla, eta azpimarratu zuen hauxe dela estrategikoa eta nagusia den teknologia hori behar bezala kudeatzeko Europak duen aukera.

Jarraian, Ibán García del Blanco eurodiputatuak, Adimen Artifizialaren Europako Legea osatzeko trilogoetan Europako Parlamentuko negoziazio-taldeko kidea izan denak, hartu zuen hitza: “…Adimen Artifiziala eta zerbitzu eta merkatu digitalak arautzeko negoziazioak ia 3 urte iraun ditu (nahiz eta ibilbidea urte batzuk lehenago hasi zuen) eta EBn Internetekin eta arlo digitalarekin lotutako araudia izatea genuen jokoan. Hala, benetakoa eta segurua zen Europako Merkatu Digitala eta Datuen Merkatua sortzea genuen helburu. Hau da, gure printzipio eta balioen araberako digitalizazioa”.

Horrekin lotuta, AAren araudiak inflexio-puntua eragin du eta erdigunean gizakia kokatu du. EBk ahalegin handia egin du fenomeno digitala hiru ardatzen inguruan antzeko moduan arautzeko. Izan ere, neurri handi batean, fenomeno horrek ez zuen erregulazio egoki eta osorik. Honako hauek dira ardatz horiek:

  • Inbertsioak: eskema digitalaren modernizazioa.
  • Prestakuntza.
  • Digitalizazioa Europako printzipio eta balioen arabera bideratzeko esparrua.

Horretarako, hainbat arlori buruzko arauak onartu dira: zerbitzu digitalak, merkatu digitalak, datuen Europako legea, datuen gobernantza, txipei buruzko arauak, elementu teknologikoak fabrikatzeko produktuak eta horiek babesteko datuen Europako merkatu handi bat sortzea (hori guztia Batasuneko bazkideen artean partekatuta). Beste era batera esanda, AA arautzearen helburua da balio humanozentrikoa izatea, bizi-kalitatea hobetzea eta eskubideak babestea teknologia horien garapenarekin lotutako giltzarria izan dadin. Europako arauketa-prozesua oso konplexua da eta horrek balio erantsia ematen dio.

Gainera, legearen beste helburuetako bat herritarrei konfiantza emate izan dela gehitu du. “Gure helburua da gure eguneroko bizitzan normaltasunez funtzionatu ahal izateko arriskuak ekiditeko arau bat badagoela jakitea. Segurtasun juridikoko esparrua sortzea, zatiketarik eragin gabe…”.

Hitzaldiak amaitzeko, Leire Escajedo San Epifaniok, EHUn Konstituzio Zuzenbidea eta Pentsamendu Politikoaren Historiako irakasle titularrak, legeak izaera orokorra zuela azpimarratu zuen. Bere hitzetan, asmoen adierazpen hutsa baino gehiago da, baina benetako eskumenei eta atribuzioei dagokienez nahiko mugatuta geratzen da.

Jardunaldia amaitzeko, bertaratu ziren ia 50 lagunen artean interes handia piztu zuten gai horiei buruzko iritziak partekatzeko aukera izan genuen aperitibo batekin.