25 Apr, 2023

bbkfamily_jakizu_eusk
“Hor zaude?”: hazkuntzan laguntzeko moduan egoteari buruz sentsibilizatzeko. BBK Family-n sentsibilizazio kanpainaren helburua da gure seme-alabekin nola gauden jabetzea.

“Hor zaude?” kanpainaren jatorria da “Bizkaiko familien beharrizanei buruzko azterketa. Gurasoen gaitasunak hazkuntzan”. BBK Family-k egindako azterketa hau joan den azaroan aurkeztu zen. Bertan, 10 gurasotik 8k aitortzen zuten mugikorraren mende egoten zirela seme-alabekin zerbait egiten zuten bitartean, eta zelanbaiteko zailtasuna zutela emozioak eta gatazkak erregulatzeko orduan. Horregatik, “Hor zaude?” kanpainaren helburua da gure seme-alabekin nola gauden jabetzea, fisikoki egoteak ez baitu esan nahi prest gaudenik. Etengabeko interferentziak ditugu, eta horiek ez digute gure seme-alabak bizitzen ari diren emozioei, ezta geure emozioei ere, arreta jartzen uzten, eta gatazkak ondo konpontzea eragozten digute. Era berean, daramagun bizimoduaren presak eta antsietateak beste era batera presente egotea oztopatzen digute.

Horregatik, gurasoak bultzatu gura ditugu noiz eta zelan egon erabakitzera, egunerokoaren testuinguruak edo presak arrastaka eraman barik.

Kanpainan sentsibilizazio-bideo bat sartzen da eta, gure prestasuna edo laguntzeko moduan egotea hobetzeko asmoz, apirilean eta maiatzean gurasoei erronka bat jarriko zaie astero, eguneroko bizitzan presenteago egoteko aukera emango dieten ekintza berriak txertatzen laguntzeko, afektu-adierazpenak areagotuz, distrakzioak murriztuz, emozioak erregulatuz… Pepa Horno eta Beatriz Alonso psikologoek, Eva Bach hezitzaileak eta Xabi Madariaga eta Begoña Beristain kazetariek eurek zelan egiten duten kontatuko digute, eta gurasoak gonbidatuko dituzte erronkak gainditzera.

Era berean, BBK Familyren webgunean, ohiko baliabideez gain, seme-alabekiko erabilgarritasunari eskainitako espazio bat jarri da martxan.

Kanpaina amaitzeko, Haur Kontseiluko haur eta nerabeek, BBK Familyren aholkulari direnek, diseinatutako festa bat egingo da hainbat tailer eta jarduerarekin, amarekin edo aitarekin jolastu nahi dute eta. Jaia Casilda Iturrizar parkean, maiatzaren 14an, 11:00etan izango da parte hartu gura duten familia guztientzat eta 4 sarrerako 3 lote BBK Klimara sartzeko eta gau bat 4 lagunentzako Zuhaitz-etxeetan (Zuhaitz-etxeak) zozketatuko dira. Zozketan parte hartu ahal izateko, BBK Familyren newsletterrean eman beharko da izena.

Eta maiatzaren 25ean ere tailer presentzial bat antolatu dugu kanpainan lantzen ditugu gaiak areagotzeko. Dohainik da. Informazio gehiago eta izena emateko sakatu hemen.