09 Maiatza, 2023

47538ed3-53e3-4af3-95db-b2ca3b039b5c
Joan den apirilaren 19an aurkeztu zen Durangoko Berdintasun Kontseiluan Andragunea Durangoko Emakumeen Etxearen ibilbidearen ebaluazioa. Lan horren azken helburua izan da bidean izandako aurrerapenak eta lorpenak ezagutzea, bai eta datozen urteetan landu daitezkeen hobekuntzak eta erronkak identifikatzea ere.

Andragunean dabiltzan emakumeentzat, leku hau etxe bat baino zerbait gehiago da. Horietako batzuek hasieratik ezagutzen dute Andragunea; beste batzuk, berriz, pixkanaka ezagutzen ari dira. Baina, oro har, sinbolizatzen duenari buruzko ideiak partekatzen dira. Ezagutzak lortzeko, kontzientzia hartzeko eta boterea eskuratzeko lekua da, eta indartsu bihurtzeko tokia. Eman eta jasotzeko lekua, gozatzeko lekua, ireki eta ikasteko lekua. Elkartzeko eta kontzientziatzeko lekua. Lagunez betetako lekua.

Prozesuan zehar, ibilbidea ebaluatu, haren zeregina ikusarazi, egiten duen lana baloratu eta hurrengo urratsak orientatu nahi izan dira, inguruko emakumeen errealitateari eta premiari egokitutako etengabeko hobekuntzarako. Hori guztia 3 teknikaren bidez:

  • Elkarrizketa sakonak: Berdintasun-dinamizatzailea, berdintasun-teknikaria eta Andragunearen ibilbidea ondo ezagutzen duten hainbat emakume elkarrizketatu dira.
  •  Inkestak: Andragunea erabiltzen duten emakumeei eta irakasleei zuzenduak. Profil bakoitzerako bi online inkesta sortu dira, besteak beste, gogobetetzea, Andragunearen hainbat alderdiren gaineko balorazioa eta hobetzeko arloak ezagutzeko. Guztira 157 emakumek eta 14 emakumek erantzun diete inkestei.
  • Parte hartzeko tailerrak: Horri esker, informazioa jaso ahal izan da Andragunearen historiari eta bilakaerari buruz, baliabidearen balorazioari buruz, egungo beharrei buruz eta etorkizunean izan ditzakeen erronkei buruz. Topaketak dinamizatzeko, besteak beste, Visual Thinking tresna erabili da, pertsonen eta haien esperientzien parte-hartzean eta inplikazioan oinarrituta. Horretarako, Andraguneko oroitzapenen murala sortu dugu.

 

Txostenean ikus daitekeen bezala lorpen ugari izan ditu Andraguneak urte hauetan zehar eta orain erronka nagusieri begira jartzeko momentua da. Guztia kontuan hartuta, ez dago zalantzarik…  Andragunea etxea baino gehiago dela.