25 Jan, 2021

consultoria_bbkfamily_covid19
BBK Familyk 2020ko maiatzetik abendura bitartean EDE Ezagutzak prestatutako “Etxeak eta COVID 19: Bizkaiko familiok aurre egin beharreko inpaktuak eta erronkak” ikerlanaren emaitzak argitaratu ditu.

2020ko martxoan COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-larrialdiko egoera deklaratu zutenetik, urruntze sozialeko eta mugikortasuna mugatzeko ezohiko neurriak adostu dituzte eta horiek guziek mundu mailan pertsona guztien eguneroko bizitza asaldatu dute. Orain arte ezagutzen ez genuen testuinguruan, konfinamenduak aldaketa esanguratsuak eragin ditu familiako harremanetan, lanean, aisialdian, gizarte-harremanetan, zainketetan, ongizate emozionalean eta eskolako bizitzan.

Ez dugu aplikatutako ikerketa sozialerako une honek eskaintzen duen aukera galdu nahi izan eta egoerak Bizkaiko familien artean eta horietako partaide diren pertsonen ongizatean izan duen inpaktua ezagutzera gerturatu nahi izan dugu. Gainera, bide batez, ikasketak eta erronkak identifikatzen saiatu gara.

Onlineko galdetegiaren bidez, 1.000 heldu eta adingabe baino gehiagok hartu dute parte ikerlanean eta, horri esker, lehen konfinamenduan familia askoren familia-harremanak hobetu egin zirela ikusi ahal izan dugu. Izan ere, konfinamendua elkarrekin gauzak egiten denbora gehiago emateko eta gehiago hitz egiteko aprobetxatu zuten eta, gainera, familia-inguruneko beste pertsona batzuekiko elkarrekintza ere areagotu egin zen, telematikoki izan arren. Era berean, telelanean aritzeko aukera izan zuten gehienen kasuan, laneko eta familiako bizitzaren kontziliazioa erraztu egin zen.

Halaber, ikerlanaren emaitzek agerian utzi dute familia batzuek beste batzuek baino zailtasun handiagoak izan dituztela eta aurrez zaurgarritasun handiagoko egoera bizi zutenek aurrean oztopo handiagoak izan dituztela ohartarazi dute. Horietako bat izan da, adibidez, ongizate emozionalarekin lotutakoa. Era berean, konfinamenduak genero-berdintasun arloan aurrera gehiago egiteko aukera galtzea ekarri du; izan ere, etxeko lanen eta zainketen pisu nagusia, beste behin, emakumeek hartu dute beren gain modu desproportzionalean.

Ikerlanaren ondorioak psikologia klinikoaren, pedagogiaren eta soziologiaren esparruetan adituak eta erreferenteak diren pertsonek parte hartu duten jardunaldian landu ditugu identifikatutako erronken inguruan lan egiteko orientazioak identifikatu ahal izateko. Hurrengo estekan txosten osoa kontsultatzeko, ikerlanaren mugarri nagusiak zerrendatzen dituen bideora sartzeko eta jardunaldia berriro ikusteko aukera duzu.