18 Mar, 2024

ssf aurkezpena
Silver Film Festival jaialdiaren bigarren edizioak arrakasta handia izan du. 1.600 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte edadismoan eta bizitza berri batean oinarritutako edizio honetan. Tú & Yo Produccionesek eta EDE Fundazioak sustatutako jaialdi honek zinema eta beste kultur jarduera osagarri batzuk uztartu ditu, pertsonen bizitzaren bigarren erdiarekin zerikusia duten gaien inguruan.

Silver Film Festival jaialdiaren bigarren edizioa Bilbon egin da martxoaren 11tik 16ra bitartean. Jaialdiak, –gai honekin Euskadin egiten den lehena eta estatu mailan egiten den bigarrena-, arrakasta handia izan du publikoaren aldetik. 1600 pertsona baino gehiago bertaratu dira jaialdira, aurkeztutako 15 filmen emanaldietara, non fikzioa, dokumentala, bideodantza edo formatu labur eta luzeko telesailak konbinatu diren. Filmak eta gainerako jarduerak Campos Antzokian, Golem Alhondiga Zinemetan, Guggenheim Bilbao Museoan, Louise Michel liburu-dendan, Bilborocken eta Elkar liburu-dendan egin dira.

Marian Gerrikabeitia Zinemaldiko zuzendariak adierazi zuenez, “premiazkoa da adinaren araberako diskriminazioak nola funtzionatzen duen ulertzea eta jakitea; horregatik, edadismoak lehiaketaren bi jardunaldi hartu ditu“. Lehenengoa ostegunean izan zen, hilaren 14an, Manel Dominguez gizarte komunikazioan doktore eta “Senior. Eteten ez den bizitza ” liburuaren egilearekin. Edadismoari buruzko bigarren jardunaldia martxoaren 16an, larunbata, egin zen, artearen edadismoari buruzko mahai-inguru batekin. Egun berean, Maria Blasco zientzialariak, zelulak gaztetzeko gai diren entzimei buruzko gaietan adituenetako batek, 140 urtera arte bizitzetik zein gertu gauden azaldu zuen.

Martxoaren 12an, asteartea, Bilborocken belaunaldien arteko jardunaldi bat egin zen. Egun horretan “Zorion Eguileor deskubritzen” saioa zegoen antolatuta; mundu osoan zehar jarraitzaileen kluba duen aktorea oso ezaguna da publiko gaztearentzat, El hoyo filmean “Trimagasi” ren papera antzezteagatik. Gainera, martxoaren 15ean, ostirala, Guggenheim Museoan saio bat egin zen, non gazteek eta ez hain gazteek Andrés Serebrnik zuzendari argentinarraren “La Abuela Sofia” telesail arrakastatsuak planteatzen dituen ospeaz, lotsaz, maitasunaz… hitz egin zuten.

  • EDE Fundaziotik oso balorazio positiboa egiten dugu ekimen aitzindari honen inguruan. Izan ere, helduok aktiboak, heterogeneoak, jarduerak eta ideiak sortzen ditugunak garela erakusteko erakusleiho handia izan da. “Bizitza berria”: gizartean zeregin aktiboa izaten jarraitzeko aukera.

Argazkiak: @silverfilmfestival