15 Jan, 2024

Guia_familias
Familientzako Baliabideen Gida, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailerako EDE Ezagutzako ikerketa-taldeak egina, tresna gisa sortu da, familiek euskal erakunde publikoek eskura jartzen dizkieten baliabideak (laguntza ekonomikoak, zerbitzuak, programak, katalogoak eta informazio-gidak, webgune espezializatuak…) ezagutzeko eta baliabide horietara nola iritsi jakin dezaten.

Euskal administrazio publikoek familientzat baliagarriak izan daitezkeen hainbat baliabide kudeatzen eta eskaintzen dituzte. Erakunde horiek hainbat programa, laguntza ekonomiko, zerbitzu, eta abar kudeatzen dituzte herritarren bizitza hobetzeko. Horietako batzuk ezagunagoak dira, herrikoiagoak edo ohiko erabilerakoak (Etxebide, hezkuntza-bekak, DSBE, etab.), baina badira beste baliabide batzuk, familientzat interes handikoak izan daitezkeen arren, hainbat arrazoirengatik, ezezagunagoak direnak.

Ohikoa da, halaber, familiek baliabide horien berri izatea, baina baliteke baliabide horiek zein erakundek, sailek edo zuzendaritzak eskaintzen dituen ez jakitea, eta zailagoa da baliabide horiei buruzko informazioa eskuratzea. Erakunde publikoen egitura konplexua denez, batzuetan zaila da jakitea zein erakundetatik eskaintzen diren laguntza ekonomikoak, zerbitzuak, programak, eta abar. Horri gehitu behar zaio baliabide horien informazioa biltzen duten webguneen konplexutasuna.

Zuzenean zerbitzuak, adibidez, asko erraztu du Eusko Jaurlaritzan baliabideak bilatzeko lana, baina gida honek beste urrats bat eman nahi du ildo horretan, gida eguneratua, erraza, intuitiboa, ordenatua eta erakunde guztiek (Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek) familientzat eskaintzen dituzten baliabide guztiak bilduko dituena. Baliabide horietara iristeko ate bat izan nahi du, eta, laguntza gisa, hainbat bilaketa egiteko aukera eman nahi du, logika eta ibilbide desberdinen arabera. Tresna horrek, azken batean, informazio interesgarri guztia aurkitzen den lekuraino gidatuko ditu erabiltzaileak.

Eskatutako baliabidea, zerbitzua edo laguntza azkar aurkitzeko asmoz, gida berri hau 10 kapitulutan antolatu da. Kapitulu horiek hainbat egoera hartzen dituzte kontuan, familien osaeraren eta zirkunstantzien arabera, premia espezifiko jakin batzuekin lotu daitezkeenak. Hauek dira hamar kapituluak:

  1. HAURRAK EDO NERABEAK DAUDEN FAMILIAK
  2. GAZTEAK DAUDEN FAMILIAK
  3. ADINEKO PERTSONAK DAUDEN FAMILIAK
  4. DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK DAUDEN FAMILIAK
  5. OSASUN MENTALEKO ETA/EDO ADIKZIOETAKO ARAZOAK DITUZTEN PERTSONAK DAUDEN FAMILIAK
  6. MIGRATUTAKO PERTSONAK DAUDEN FAMILIAK
  7. INDARKERIA, GATAZKA EDO BABESGABETASUN-ARRISKUA DUTEN FAMILIAK
  8. AHULTASUN EKONOMIKO BEREZIKO ETA ENPLEGUAREKIN LOTUTAKO EGOERAK DITUZTEN FAMILIAK
  9. ETXEBIZITZAREKIN LOTUTAKO PREMIAK DITUZTEN FAMILIAK
  10. BESTE BALIABIDE INTERESGARRI BATZUK

 

Gainera, eta beste logika batzuetatik abiatuta beste ibilbide alternatibo batzuk errazteko, bilaketa bat egin daiteke honako hauen arabera:

  • Baliabidearen eremua.
  • Baliabidearen tipologia edo izaera.
  • Zer familia-motarekin lotzen den.

Gida hau irakurketa errazaren ikuspegitik argitaratu da, eta jasotako baliabide bakoitzaren laburpen labur bat eskaintzen du, honako hauek azalduz: zer den, nori zuzenduta dagoen, zein den bere jardun-eremua, zein erakundek eskaintzen duen, eta, horrez gain, web esteka bat, informazioa zabaltzeko aukera ematen duena.