20 Oct, 2025
Ia 50 urteko ibilbidean, EDEn eraldaketa sozialera bideratutako proiektu ugari bultzatu ditugu. GURUZU, garrantzitsuenetariko bat dela esan dezakegu; izan ere, erakunde sozial bezala dugun misio eta konpromisoa erabat betetzen du. Guruzu jatetxea da, baina ez da bakarrik janaria prestatzen eta zerbitzatzen den tokia; hori beharrean, enplegu- eta bizi-aukera errealak eraikitzeko tokia ere bada.
Guruzu urrats erabakigarria da EDEk gizarteratze eta laneratzearekin duen konpromisoan. Proiektua Suspertuk, EDE Fundazioaren laneratze- eta gizarteratze-enpresak, kudeatzen du. Guruzun, hamabi laguneko lantalde profesionala dago eta haietako erdiak prestakuntzako eta laguntza emateko prozesuetan daude, ingurune profesionalean ofizio bat ikasiz, xehetasun bakoitza zaintzen duen lantalde teknikoaren babesarekin: aretoan eman beharreko arretatik hasi eta menuaren prestaketara arte. Gure sukaldetik ateratzen den plater bakoitzak, barrako pintxo bakoitzak, ikaskuntza, ahalegina eta duintasuna oinarri dituen istorioa du atzean.
Guruzuko ateak zabalik egongo dira eguneko menu ona dastatu nahi duten guztientzat. Kalitatezko eskaintza nahi dugu, gure ingurukoen parekoa. Guregana etortzen denak leku abegitsua, anitza eta espazio normalizatu batetik bakardade- edo elikadura-behar sozialei erantzuten saiatzen dena aurkituko du. Erantzun horiek hainbat tresnaren bidez garatuko dira, hala nola alferrik ez galtzeko elikagaiak eramateko aukera eskainiko duen hozkailu solidarioa, lagunartean jateko mahai komunitarioak edo kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonentzako deskontudun menuak.
Guruzu kulturala
Guruzu denei zabalik dagoen gunea da: auzoko eta hiriko pertsonak, kolektibo sozialak, erakundeak, elkarteak, aisialdiko taldeak eta haiek antolatzen dituzten egitasmoak, entseguak, jaialdiak, kultur proposamenak… Hitz gutxitan esanda, Indautxun eta urrutixeago sor daitezkeen eta lehendik dauden komunitate mailako prozesuentzat zabalik dagoen gunea da.
Guruzu jarduera eta egitasmo sozial eta kulturalen biltoki berria izango da. Plaza, terraza, erabilera anitzeko aretoak eta jatetxea eskaintzen ditugu solasaldiak, erakusketak, kontzertuak eta abar egiteko. Gizarte osoari irekitako leku berria da eta, bertan, alderdi kulturala eta asoziatiboa gure jardueraren balio erantsi bihurtzen da eta, hala, komunitate-bizitza eratzen da.
Hitz gutxitan esanda, Guruzu elkarrekin bizi garen, eta elkarrekin harremanak eta aukerak sortzen ditugun eremu partekatua da. Guruzun badakigu era batera edo bestera pertsona guztiok garela zaurgarriak eta elkarren mendekoak.














