20 Nov, 2022

haurrak-indarkeria-adierazpena
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA: HAUR ETA NERABEEN KONTRAKO INDARKERIARI AURRE EGITEKO EUSKAL ESTRATEGIAekin (2022-2025). Haurren eta nerabeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa bat da. Giza kostu, kostu sozial eta kostu ekonomiko izugarriak dakartza. Orain arte egindako ikerketek adingabeen eta haien ingurunearen ongizatean, osasunean eta segurtasunean dituen ondorio kaltegarriak eta iraunkorrak ikusarazten lagundu dute. Ondorioz, eragin handia du gizarte eta herrialdeen segurtasunean, gizarte-kohesioan eta garapenean.

EAEko erakundeok ibilbide luzea egin dugu hainbat motatako neurri eta politika publikoen garapenean (planak, programak, zerbitzuak), kalteberatasun-egoeran dauden haur eta nerabeen eskubideak eta prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa eta erreparazioa sustatzeko.

Gaur, azaroak 20, EDE Fundazioak publikoki berresten dugu haurren eta nerabeen eskubideekiko eta, bereziki, haur eta nerabeen aurkako indarkeria mota guztien aurkako borrokarekiko konpromisoa.

Helburu horrekin, indarrak batu ditugu Euskadiko erakunde eta eragile guztiekin, eskubideen sustapenean, prebentzioan, detekzio goiztiarrean, arretan eta indarkeriaren erreparazioan irmo aritzen diren guztiekin.

Horretarako, BAT EGIN DUGU HAUR ETA NERABEEN KONTRAKO INDARKERIARI AURRE EGITEKO EUSKAL ESTRATEGIArekin (2022-2025), hiru lurralde-mailetako erakundeek, hirugarren sektoreko elkarteek,  adituek, haurrek eta nerabeek parte hartu dugun prozesu baten ondorioz egin dena. Estrategia horren bidez, euskal erakundeok helburu hauek lortu nahi ditugu:

  • Eskubideak sustatzea eta indarkeria mota guztiak prebenitzea
  • Indarkeria-egoerak goiz detektatzea eta horietan garaiz esku hartzea.
  • Arreta eta babes integralagoa eskaintzea
  • Erakunde eta entitateen arteko lankidetza eta elkarlana sendotzea
  • Errealitatea gehiago eta hobeto ezagutzea eta giza eskubideen urraketa horri ematen zaizkion erantzunak etengabe hobetuko dituen ezagutza sortzea.

Gure atxikimenduarekin konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Gure politiketan eta jardueretan Estrategian definitutako printzipioak, ikuspegiak, irizpideak eta orientabideak sartzea.
  • Urtero, egiten ditugun ekintzen eta ekintza horien ezarpen-mailaren berri ematea, estrategiaren helburu estrategikoei eta jarduera-ildoei dagokienez.

Euskal gizarte osoa animatzen dugu haurren eta nerabeen eskubideak sustatzeko konpromiso aktiboa hartzera eta indarkeria mota orotatik aske bizi eta hazi daitezen zaintzera.