25 Jan, 2023

NEB_bilera
Urtarrilaren 25ean NEBeko (New European Bauhaus) kideen topaketa antolatu genuen Euskadin. 2022ko urrian egindako NEBari buruzko jardunaldiko konpromisoa aintzat hartuta (EDEk Euskadiko NEBeko bazkideak biltzeko konpromisoa hartu zuen), bilkurak balio izan zuen, lehenik eta behin, bazkideak barne lansaio batean biltzeko, ekintza eta lankidetza posibleen inguruan elkarrekin lan egiteko.

Europako Bauhaus Berria (NEB) Europako Batzordearen proposamen estrategikoetako bat da eta horren helburua da XX. mendeko Bauhausen inspiratuta, jasangarritasuna, esperientzia ederrak eta kalitatezko esperientziak, eta inklusioa bateratuko dituen mugimendua sortzea, elkarrekin orainaldi eta etorkizun hobea, ederragoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa irudikatu eta eraikitzeko.

Bilera Simon Bolivarren egoitzan egin genuen, EDE Ezagutza arloko Alex Carrascosa lankideak dinamizatuta, eta NEBari buruzko itxaropenak eta ikuspegi partekatua lantzen hasi ginen. Hurrengo urratsa erakunde bakoitzak ekimen honen zerbitzura jar ditzakeen baliabideei buruz hitz egitea izan zen, hortik abiatuta hainbat esparrutan mugarri batzuk aipatu genituen (komunikazioa, finantzaketa, baterako proiektuak eta ekimenak).

Era berean, bilerak NEB osatzen dugun erakunde bakoitzaren lana hobeto ezagutzeko aukera eman zigun, eta proiektu honek gure erakundeetan duen lekuari buruz eta lurralde mailan eman nahi diogunari buruz hausnartzeko aukera eman zigun.

Bileran Euskadiko NEBeko kide diren ia erakunde guztietako ordezkariak izan ziren: Bilbao Metropoli 30, Conexiones Improbables, EDE Fundazioa, The Languages of Energy, BBK Kuna, IED Kunsthal eta Tabakalera. Bilera hau lehenengoa izan da, eta 2023an zehar gehiago egiten saiatuko gara.